EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko langileen alde egiteko, lehen indarra berrestea helburu

796

Hurrengo martxoaren 30ean hezkuntza publikoko langileok hauteskunde sindikalak ditugu, 33000 langile baino gehiago daude bozkatzera deituta. EAEko hezkuntza publikoko irakasleok, heziketa bereziko langileok, sukaldari eta garbitzaileok eta Haurreskolak Partzuergoko langileok gure ordezkariak aukeratuko ditugu. 2019ko hauteskundeetan lehen indarra izatea lortu genuen, eskola publikoan eta Haurreskolak Partzuergoan langileak bat egin zutelako LABekin.

Hauteskunde hauetan ere, “Eskola publikoan ZUREKIN BAGARA”, eta Haurreskola publikoan ZUREKIN BAGARA” kanpainarekin emaitza horiek berrestea dugu helburu;  gehiengoa ez dugun kolektiboetan lehenengo indarra izatea lortu nahirik.

Azken 4 urteotan esparru guztietan mobilizazio eta greba eraginkorrak bultzatu eta dinamizatu ditugu, hezkuntza publikoan dugun gehiengoak ematen digun zilegitasun eta arduragatik. Mobilizazioei helburu zehatz eta lorgarriak ezarri dizkiogu eta ondorioz, langile publikoen lan-baldintzetan hobekuntzak lortu ditugu.

Gehiengoa dugun kolektiboetan aurrerapausoak eta akordio garrantzitsuak lortu ditugu:

  • Haurreskola Partzuergo Publikoa egoera larritik atera eta lanpostuak sortu eta mantentzea lortu dugu, 20 urteren ondoren 27 lanpostu dituen kudeaketa alorreko lanpostuen zerrenda sortu eta hezitzaileen lanpostu berriak lanpostuen zerrendara gehituz. 400 lanpostu kontsolidatzeko oinarrietan bertan eta 0-3 zikloan lan-egindako esperientziari % 75eko puntuazioa ematea lortuz.
  • Heziketa Berezian azkenengo 4 urtetan 487 lanpostu sortzea eta hauek LZ estrukturaletan txertatzea lortu dugu. Horrekin batera, asteko lanaldia murriztea, ordezkagunea ezartzea eta langileen izaera hezitzailearen aitortzan aurrerapausoak ematea.
  • Irakasleen kolektiboan aldiz, bigarren indarra izanik, 2022ko maiatzaren 26ko akordioaren bultzatzaile nagusiak izan ginen, hurrengo ikasturteetarako irakasle kopurua handituz (2022-2023 ikasturtean Lehen Hezkuntzako kidegoan 470 eta Bigarren Hezkuntzako kidegoan 288 lanpostu berri), ratioak jaistea lortuz eta eraldaketa pedagogikorako figura berriak lortuz. Lanbide Heziketan desagertzear dauden 16 espezialitateetako langile teknikoen egoerari heldu eta irakasle izateko masterra egiteko aukera izatea lortu genuen, honekin oposizioetara aurkeztu ahal izateko aukera emanez. Lan-hitzarmena berritzetik gertu egon ginen; horregatik, ezinbestekoak diren arlo batzuk (lanaldi murriztea, funtzioak zehaztea eta ordezkoen araudia) negoziaatzea eta ordezkaritzaren gehiengoa izatea beharrezko ditugu.
  • Sukalde eta garbiketan aurreko hauteskundeetan gehiengoa galdu genuenetik, blokeo egoeran gaude. Lan-hitzarmenaren negoziazio mahaia ez da eratu eta ordezkagunea ez da indarrean jarri gainontzeko sindikatuek negoziazio honen hasiera blokeatu dutelako. Kontsolidazio deialdian partzialitateari ateak ixtea lortu dugu. Beraz, kolektibo honetan lehen indarra berreskuratzea ezinbestekoa zaigu.

Hezkuntza legeari dagokionean, hezkuntza sistemaren eraldaketa bultzatu eta eskola publikoa sistemaren ardatz gisa kokatzeko, borrokarako hautua izan da gurea. Izan ere, LABek uste du hezkuntza legeak trantsizio tresna beharko lukeela izan Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraikitzeko, hau da, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatuan antolaturiko hezkuntza-sistemara abiatzeko. Bide luzea duen prozesuan eragin nahi zuela adierazi zuen LABek. Horregatik,  Publikoa, Euskalduna eta Propioa lemapean mobilizazio eta greben bultzatzaile izan gara eta hainbat ekarpen edo zuzenketa erregistratu genituen.

Batetik,  ereduari egindako hainbat zuzenketa planteatuz: burujabetzan sakontzeko, Euskal Curriculuma egituraz ezartzeko, segregazioari aurre egiteko neurri eraginkorrak ezartzeko, ituntze-sistema unibertsalarekin bukatu eta funts publikoak jasotzeko betekizunak zorroztu eta hauek kontrolatzeko.

Eta bestetik, langile kolektiboz kolektibo beharrezkoak diren aldarrikapenak eskatuz, non jaiotze-tasak behera egingo duen testuinguruan hainbat lanpostu publiko arriskuan egongo diren; horregatik, plantillak mantentzea ezinbestekoa izango da. Horregatik, LAB borrokan ari da Hezkuntza Sailak egun dagoen langileen lanpostu zerrenda eutsi eta ez dezan gutxitu lege hau indarrean dagoen bitartean.

Lanpostuak mantentzen dituen Haurreskolak eta Eskola Publikoak nahi ditugu, bertako langileen lan-baldintzak hobetu ditzaketen lan-hitzarmen berriak negoziatzeko beharrezkoa dugun ordezkaritza nahikoa izanik. Eta nola ez, eskola publikoen autonomian sakontzeko eta eraldaketa pedagogikoan eragiteko ordezkaritza handiagoaren bila goaz. Burokratizaziotik urrun, dena aldatzeko prest gaude! Zurekin BAGARA!