EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeen lan-hitzarmena salatu eta negoziazio-mahaia irekitzeko eskatu diegu patronalei

616

LAB sindikatuak EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako lan-hitzarmena salatu du, eta aldi berean, hitzarmen berri baterako negoziazio mahai bat irekitzeko eskatu die Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei.

Hogeita zortzi eguneko greba egin ondoren sinaturiko oraingo hitzarmenak hurrengo abenduaren 31n indarraldia galduko du, eta salatu ezean, patronalek negoziatu gabe jarraitu ahalko zuten gutxienez beste urtebetez. LABek behin eta berriz adierazi dugun bezala, lan-hitzarmen horrek ez ditu sektoreak dituen oinarrizko arazoak konpontzen ezta  langileen aldarrikapen nagusiak asetzen ere. Gainera, patronalek beraiek bertan jasotako zenbait gauza ez betetzeko asmoa azaldu dute, esaterako, aurreko asteetan salatu dugun moduan, HH eta Lanbide Heziketako tutoretza osagarria ordaintzekoa.

 Hori dela eta, LABentzat eta sektoreko langileentzat, egindako hitzarmenaren salaketarekin eta ondoren irekiko den negoziazio-mahaiarekin, eszenatoki berri bat irekiko da: kategoria prekarioenen eta feminizatuenen lan-baldintzak hobetzeko, enpleguari eusteko, langileen kontratazioan gardentasuna lortzeko eta diru publikoa gardentasunez kudeatzeko, ikastetxeak euskalduntzeko eta lanbide heziketako langileen lan baldintzak hobetzeko urratsak emateko. Azken batean, Euskal eskola publiko komunitariorantz urratsak emateko gune bat irekitzen da.