Jaurlaritzak Lanbide Heziketaren bikaintasuna saltzen du baina langileen etorkizuna kolokan jartzen du

446

Azaroan egingo den Lanbide Heziketako Nazioarteko kongresuaren atarian, salatzen dugu EAEko Hezkuntza Sailak ez duela inolako urratsik eman Lanbide Heziketan konpontzeke dauden hainbat gairen inguruan alde sozialarekin lantzeko. Besteak beste, 260 langileren etorkizuna kolokan egon liteke lehen bait lehen irtenbidea eskaini ezean. Ezin bikaintasunaz hitz egin eta aldi berean langileen eskubideak urratu.
LAB irakaskuntzako kideak pasa den uztailaren 28an batu ginen azkenengoz langileen kudeaketa zuzendaria den Blanca Guerrero eta Lanbide Heziketako plangintza eta antolakuntza arduraduna den Nikolas Sagarzazurekin. Bilera horretan, 16 espezialitate ez-singularretako ordezko irakasle teknikoentzat irtenbide proposamen bat jaso genuen.
LABetik argi dugu langileen lanpostuei buruzko erabaki eta proposamenetan berme guztiak izan behar ditugula hauek ontzat jotzeko. Bide horretan, langile guztientzako soluzio egokiak erdiesteko beste bilera bat adostu genuen iraila amaierarako.
Hala ere, hitzemandako bilera horretaz gain, gaia lantzeko saiakera gehiago egin ditugu LAB-Lanbide Heziketatik eta ez dugu erantzunik jaso. Hori gutxi balitz, adostutako bilera data bera, atzeratzen joan dela ikusi dugu: HILABETE 1 pasatu da eta ez dugu berririk jaso. Formakuntza pedagogikoari buruz (CAP delakoari buruz) ere ez dugu berririk jaso eta LEParen inguruko irtenbiderik ere ez da mahai gainean jarri.
Argi ikusten dugu gatazkaren konponbidea ezin dela gehiago atzeratu. Izan ere, Bildarratz sailburuaren LEP deialdi asmoen arabera 2023rako Lanbide Heziketako oposaketak egingo badira, LABetik berriz ere langile guztien alde egingo dugu eta deialdietan guztiak aurkeztu ahal izatea gutxieneko baldintza gisa borrokatuko dugu. Noiz arte itxaron behar dugu?
Testuinguru honetan, azaroaren 10 eta 11an burutuko da Lanbide Heziketako Nazioarteko kongresua EAEn. Argi dugu Hezkuntza Sailak ezin duela heziketaren bikaintasunaz aritu bere langileak kolokan dituen bitartean. 260 langileren etorkizuna jokoan, mezu argia adierazten jarraituko dugu bai Lakuan, bai eskoletan, eta baita edozein kongresutan ere.

Langile guztiak gara beharrezkoak!

lanbide-heziketa21-10-28