EAE Irakasleak: LABek ez ditu nahikoa oinarri ikusten irakasleon lan-baldintzak modu orokorrean hobetuko dituen Akordio Arautzaile berri bat sinatzeko

464

Aurreko ikasturtean, Hezkuntza Legearen testuinguruan egindako bi greba egunek Hezkuntza Sailarekin negoziatzeko aukera ireki zuten. Negoziazio horren harira, 2023ko ekainaren 1ean, sektore osoa aintzat hartzen duen Akordio laborala sinatu zuen LABek, Hezkuntza Sailarekin. Akordio horrek hezkuntza publikoko langile kolektibo guztietan lan-hitzarmenak negoziatzeko aukera ireki du ikasturte honetan.

LAB etengabe aritu da Hezkuntza Sailak hasieran egindako proposamena hobetzeko ekarpenak egiten: bereziki, lan-zamak jaisteko neurrietan, gazteberritzeko neurrietan, enplegua egiturazko bilakatzeko eta plantillak egonkortzeko neurrietan, ordezkoen edo bitarteko funtzionarioen lan-baldintzak hobetzean, euskarari eta hizkuntza eskakizunei loturiko neurrietan, lan osasunari loturikoetan zein lizentzia eta baimenen hobekuntzetan.

Proposamen horien ondorioz, hobekuntza batzuk jaso ditu zirriborroak: behin-behinekotasuna %5ekoa izatea, lanpostu estrukturalen aitortza, EPE prozesuetarako administrazioak material eta gaitegiak euskaraz eta dohainik ematea, Lanbide Heziketako irakasle teknikoek 2026tik aurrera lan egiteko aukera izatea, haur eta lehen hezkuntzako tutoreei 2 ordu lektiboren murrizketa eta ordezkatzeko aukera, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan ko-tutoretzan ari direnei tutoretzara bideraturiko ordutegia parekatzea, erretiroa edo aurre-erretiroa hartu aurretik 12 hilabetetako murrizketa metatua, gurasotasun baimena mozten ez dutenei legeak ezarritako baino bi aste gehiago ematea (ordezkoak ez kaltetzeko), lizentzia eta baimen asko bitarteko funtzionario edo ordezkoei zabaltzea edota administrazioarekin aurrez aurreko eta telefono bidezko kanala ere berreskuratzea.

Hala ere, funtsezkoa den arlo batean, 2010eko akordio arautzailean jasotako edukiak okertzen ditu, ordezkoei lotuta bi neurrietan: bata, borrokaren bitartez langileok orain urte asko lortutako neurria osorik ez jasotzea, 165 egun lan eginda uztaila eta abuztu osoa kobratu ahal izatea; bestea, ordezkoen zerrendak oposizioaren arabera ordenatzea eta ez antzinatasunaren arabera.

Bestetik, orokortasunari begiratuta, LABetik baloratzen dugu hobekuntza batzuk lortu ditugun arren, oraindik orain, ez dagoela nahikoa aurrerapen langileentzat egunerakoan lan-baldintzak guztiz okertzen dituen horretan: lan-zametan. Horrez gain, gazteberritze neurria ere gehiago osatu behar litzatekeela uste dugu, murrizketa metaturako aukera izango ez luketen langileek arreta zuzena murrizteko aukera luzatzeko eta zabaltzeko.

Afiliatuekin lanketa egin ondoren, LABetik ezinbestekoak diren puntu horiek gainditu behar zirela helarazi genion Hezkuntza Sailari negoziatzen jarraitzeko. Hauek izan ziren ezinbestekotzat jo genituenak:

  • Gazteberritzea: 60 urtetik gorakoentzako lektiboen 1/3-eko murrizketa 3tik 4 urtera luzatzea eta 64 urtetik aurrera 1/2 murrizteko aukera.
  • 165 egun baino gehiago lan egin duten langileek uztaila eta abuztua kobratzea.
  • Ordezkoen zerrenda EPEko puntuazioaren arabera ez antolatzea, baizik eta antzinatasunaren arabera.
  • Ordezkapenak egiteko, hizkuntza-eskakizuna salbuespen gisa jasotzea kentzea.
  • Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta irakaskuntza espezializatuetako etapetan 30 orduak ikastetxerako izanik, presentzialak 23 izango direla zehaztea.
  • Uztailaren izaerari dagokionez, opor hilabetea ez denez, “eskolarik gabeko hilabetetzat” izendatzea, funtzio gehigarririk uztailean egin ez dezagun.
  • Lanbide Heziketan dauden berezitasunak kontuan hartzea eta adostea urteko lanaldia banatzerakoan.
  • EPE ereduaren aldaketa negoziatu eta adostea.

Hezkuntza Sailak LABek eskaturiko eduki horiek ez ditu proposamenean jaso; ondorioz, LABek ez ditu nahikoa oinarri ikusten irakasleon lan-baldintzak modu orokorrean hobetuko dituen akordio arautzaile berri bat sinatzeko.

Halaber, LABek Hezkuntza Sailari gaurko mahai negoziatzailean eskatu dio jaso dituen hobekuntzak aldebakarrez aplikatzen hasteko eta 165 egun lan egiten dutenei abuztu osoa ere ordaintzeko.

Egoera honen aurrean, irakasle funtzionarioen eremuan fase honi bukaera ematen diogu, Hezkuntza Saila berria osatzean berriro ere langileon lan-baldintzak hobetzeko fase berri bat irekiz. Hurrengo ikasturtetik aurrera, akordio arautzaile on baterako baldintza egokiagoak erdiesteko lanean jarraituko dugu, mobilizazioen bidez.

Ildo horretan, negoziazioan zehar landu ditugun edukiak ikastetxeetara eramango ditugu, besteak beste, irakasleok ditugun lan-zametan, gazteberritze neurrietan eta ordezkoen egoeran arreta berezia jarriz.

Bukatzeko, soldata eta enpleguari lotutako elementu orokorragoak hemen erabaki ahal izateko ikasturte honetan izan dugun mobilizazio eta greba dinamikarekin jarraituko dugu, Eusko Jaurlaritzaren borondate politikorik eza borrokatzeko.

Gure eskerrik beroenak azken hilabete hauetan antolatu ditugun foroetan, langile asanbladatan, galdetegia betez, eskoletan LABeko proposamenak azalduz… ekarpena egin duzuen afiliatu guztioi. 300 kidetik gorak hartu dugu parte prozesu honetan. Denok osatzen dugu LABen komunitatea eta hau altxorra da sindikatuarentzat. Zuen lan nekaezinak indarra ematen digu etorkizunean ere langileon lan baldintzak hobetzearen alde lanean jarraitzeko.

Gora langileon borroka! Gora LAB!

Euskal Herrian, 2024ko ekainaren 13an.