Ikastolak EAE: LABek sinatu zuen aurre-akordioko neurri batzuk aplikatzen hasiko dira

514

Urtarrilean sinatutako aurre-akordioan lanaldiaren eta baimenen atalak indarrean egongo dira irailaren 1etik aurrera. Halaber, LABek EHI eta EIBri eskatu diegu soldata-taulak mahaian aurkezteko eta igoeren aplikazio data zehazteko.

Ekainaren 11n bilera egin du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako Negoziazio Mahaiak. Bi gai nagusi jorratu ditugu. Alde batetik, martxoan abiatutako eszedente eta beharren prozeduraren berri eman dute EHIk eta EIBk: datorren ikasturtean ikastoletan berrogei ikasgeletatik gora galduko direla adierazi digute, eta ahalegin guztiak egiten ari direla ondorioz suertatuko diren eszedenteak birkokatzeko; LAB sindikatua orain arte bezala, ahalegin horretan buru belarri aritu da baita langile guztien lanpostuak mantendu daitezen.

Beste alde batetik, titularrek lan-hitzarmen berrirako LABekin sinaturiko aurre-akordioaren berri eman digute Lan Hitzarmen Mahaian. Gogoratu joan den urtarrilaren 16an LABek aurre-akordioa sinatu zuela Ikastolen Elkartea eta EIBrekin. Akordioan, besteak beste, honakoak adostu zituen LABek: 2027ra bitarte sare publikoko langileen soldatekiko ekiparazioa gauzatzea , 2024an %15,3ko soldata-igoerak jasoz, lanaldiei dagozkien hainbat neurri ezartzea 24/25 ikasturterako, gazte berritze neurri eta figura berriei buruzko adostasun berriak lortzeko negoziatzea, eta baimenei dagozkien hainbat puntu . Ordutik, Ikastolen Elkarteak Hezkuntza Sailarekin hainbat bilera egin dituela adierazi digu, baina mahai negoziatzailean oraingoz ez dizkigu soldata-taulak aurkeztu eta soldata igoerak gauzatzeko data zehatzak zein izango diren adierazi ere.

LAB sindikatua jakitun da gobernu berriaren osaerak baldintzatzen duela Jaurlaritzaren finantzazioa eta ondorioz, ekiparaziorako soldata-igoerak; alta, gobernu berria osatzearekin batera soldaten igoera data finkatuta egon behar dela adierazten du eta urtarrilaren 16an lortutako akordioa bete behar dela.

Soldata-igoeretarako eta ekiparaziorako finantzazioaz gain, LABek presioa egin du EHIk eta EIBek aplikatu ditzaten lan-hitzarmenaren artikulatu berria idatzi bitartean 24/25 ikasturterako gainerako neurriak. Eta lortu dugu, lan sarien igoerekin zerikusia duten puntuak oraingoz alde batera utziz, aurre-akordioak jaso zituen lanaldiei eta baimenei dagozkien puntuak irailaren 1etik aurrera ezartzea aldebakarrrez. Aurrera urrats gisa, LABek positiboki baloratu du ikastolen Elkarteak eta EIBek hartutako erabakia.

Hala ere, LABetik adierazi nahi dugu aurreakordioan jasotako gainontzeko atalak ere gauzatzeko lanean eta borrokan jarraituko dugula. Horregatik, aurreko negoziazio mahaian egin genuen moduan, titularrei eskatu diegu negoziazio egutegi bat finkatu dezatela, aurreakordioan jasotako puntu guztiak, gauzatzera eramango duen Hitzarmen berria erdiesteko. Bide horretan, lehen pauso gisa, Negoziazio Mahaiaren bilera data irailaren hasierako izatea eskatu dugu, Ikastolen Elkarteak eta EIBek, beren aldetik, konpromisoa hartu dute irailean egingo den bileraren data, uda aurretik jakinarazteko.

JO ETA KE LAN HITZARMEN BERRIA LORTU ARTE!!!