“Digitalizazio burujabea hezkuntzan” jardunaldiak egingo ditugu irailaren 23an

648

Datorren irailaren 23an, larunbatez, Donostiako Iratzar aretoan “Digitalizazio burujabea hezkuntzan” jardunaldiak egingo ditugu. Bertan, digitalizazioak lan-harremanetan duen eragina eta hezkuntza eremuan Euskal Herriko administrazioek hezkuntza-komunitatearen eskubide digitalak enpresa korporatibo handien esku nola uzten dituzten aztertuko dugu. Hezkuntzako langile, guraso zein ikasleei hausnarketa politiko-sindikal eta pedagogikorako tartea eskaini nahi diegu.

Halaber, Euskal Herrian digitalizazio arloan hezkuntza eremuan martxan dauden proiektu eta esperientzia burujabeak ezagutzeko tartea izango da, eta haietako bat erabiltzeko tartea ere sortu nahi dugu. Horretaz gain, Katalunian eskubide digitalen alde ari den Digitalizazio Demokratikorako XNet mugimendua gonbidatu gisa izango dugu.

LABen uste dugu, ortzimugan dugun Euskal Eskola Publiko Komunitarioren bidean, hezkuntza-sistema burujabea eraikitzeko prozesuaren baitan digitalizazioak berebiziko garrantzia duela. Horregatik, botere korporatiboen aurrean burujabetzan sakontzeko proiektuak ezagutu eta hauek biderkatzeko lan egitea ezinbestekoa deritzogu.

Beraz, hezkuntza komunitatea osatzen duzuen langile, guraso eta herritarrei gonbidapena luzatu nahi dizuegu jardunaldiotan izena ematera; bertaratzeko zein on-line jarraitzeko aukera egongo da.