
Ostiralean, beste behin aplikazioek akatsak eman zituzten eta gaur ez dira plaza huts horiek bete.
Gaur, beste behin ere, ordezkapenak ez dira bete Sukalde, Garbitzaile, IKT teknikoetan, Heziketa Berezian eta Irakasleetan ere. Zentzu honetan, hezkuntza publikoan diharduten Hezkuntza Saileko hiru kolektiboetako lan hitzarmenetan jasotzen dena urratu du Sailak. Ordezko langileen lan baldintzak kaltetzeaz gain langileen lan zamak handitu dira gaurkoan; ikastetxeen ohiko funtzionamendua oztopatu eta hezkuntza-zerbitzuaren kalitatea kaltetu du.
Kalitatezko hezkuntza publiko batek, besteak beste, administrazioaren prozesuak modu eraginkor batean gauzatzea eskatzen du; kasu honetan, ordezkapenak lehen lan egunetik betetzea. Horretarako, LABek hainbatetan adierazi izan duen bezala, baliabide tekniko egokiak zein nahikoa baliabide pertsonal izatea ezinbesteko dira.
Ez da lehen aldia Sailaren aplikazio eta plataformek huts egiten dutela. Baina oraingoan, multinazional batek dituen arazoek eragindakoa izan da. Beraz, LABen iritziz irtenbideak behar dira: burujabetza digitala. Bide horretan urratsak ematea ezinbestekoa da adminitrazioan zein hezkuntzan, Iradi bezelako proiektuei bide emanez. Zentzu horretan, ondorengo neurriak proposatzen ditu LABek:
- Lehentasunez, eta trantsizio moduan, Hezkuntzak dituen plataformak berrikusi eta aztertzea, horrelako gertaeren aurrean alternatibak izateko.
- Bigarrenik, burujabetza teknologikoaren inguruan urratsak ematea. Baliabideen kudeaketarako eta hezkuntza komunitatearen eskubide digitalak bermatzeko; hauek kapitalaren, eta bereziki, botere korporatiboen esku ez jartzeko.
- Era berean, tokian tokiko administrazioekin elkarlanean informazioaren kontrola izatea, herritarron eskubide digitalak bermatzeko. Egun administrazioek enpresa korporatibo handien esku utzi dituzte hezkuntza komunitatearen parte garenon eskubide digitalak.
Bestalde, langileak artatzen dituzten eta ordenagailuaren beste aldean dauden langileen lan-baldintzak ere onak izatea eta dituzten lan-kargak murriztu egin behar dira ezinbestez.
Beraz, LABek burujabetza digitalerako bidea egitea galdegiten dio Hezkuntza Sailari, baita Hezisarea, Ordezkabidea eta Ordezkagunearen aplikazioaren inguruan neurriak hartu ditzan ere. Teknologi akatsek ezin dute langileen eskubideen aurkakoak izan ezta hezkuntza publikoaren zerbitzuaren kaltetarako ere.
INFO-2026-22-26_Digitalizazio-burujabea


