Haurreskolak: 2023/24 ikasturtea martxan dago borrokaz eta erronkaz beterik

328

Ikasturte berri on guztioi! Haurreskola berrian hasi zaretenoi, berean jarraitzen duzuenoi, Eibarren kudeaketa lanetan zabiltzatenoi edo telefonoaren zain zaudeten guztioi! Aurreikusi genuen moduan, aldaketa ugarirekin hasi dugu ikasturtea: beste eragileekin batera lortu dugun doakotasuna indarrean dago, dekretuz argitaratu zuten Haurreskolen funtzionamendu berria martxan dago eta hezitzaileen Leku Aldatze zein bukatu berri den Meritu Lehiaketaren bidez finkatu diren langileak haurreskola berrietan kokatu dira. Aldaketa hauek guztiek lan bolumen handia sortudute, kudeaketako langileen lan karga izugarri handituz eta hezitzaileen artean ezjakintasuna sortuz. Bide batez, gaur haurren lehenengo eguna izanik, sortu diren lanpostu berri eta ordezkapen batzuk oraindik ez direla esleitu salatu nahi dugu.

Berritasun guzti hauek izan zezaketen ondorioak aurreikusiz, beste batzuen artean, LABetik Haurreskolak Partzuergoari Koordinatzaile eta koordinatzaile ordeei zuzendutako aurrez aurreko formazioa eskatu diogu, 2017/18 ikasturtetik burutzen ez dena eta gaurko egunean berebiziko garrantzia duena.

Hasi berri dugun ikasturte hau ere, borroka eta erronkaz beterikoa izango da:

  • Kudeaketako langileak egonkortzeko LEPa berme guztiekin bukatu behar da, kudeaketako lanpostu ia guztiak egonkortuz, behin behinekotasun tasa oraindik %100 dela gogora ekarri nahi dugu. Ondoren, LABek sinatutako akordioari esker, sortutako ordezkoen zerrendaren lehenengo baremazioa egin behar da.
  • Haurreskolak Partzuergoko unibertsaltasuna lortu bidean, hau aldarrikatu eta borrokatu beharko dugu, gure borrokak gizarteratuz eta langile, haur eta familiak erdigunean kokatuz.
  • Lan hitzarmen berriarennegoziazioa abian jarri behar dugu: kolektiboen gaur egungo errealitateari erantzutea eta langileen ongizatea helburu izango dituen Lan Hitzarmena lortu nahi dugu.
  • Formazio-plan integrala: langileon beharrak asetuko dituen formazioa nahi dugu. Honez gain, Hezkuntza sailak antolatutako gainontzeko formazioetan parte hartzeko aukera aldarrikatzen jarraituko dugu: Prest Garan eta IRALEn, besteak beste .
  • Ordezkagunea martxan jarri: ordezkagunearen araudia adostu eta LABek alde bakarrez sinatu zuen ordezkoen araudia berritu nahi ditugu. Langile Ordezkoen lan baldintzak hobetu eta bizitza jasangarriagoa egitea helburu dugu. Ordezkagunea martxan jartzeak ordezkapenen kudeaketa erraztuko du, ordezkapenen gaur egungo kudeaketak Haurreskoletan sortzen dituen arazoak arinduz eta kudeaketako langileei lan karga handia kenduz.
  • Haurreskoletako funtzionamendua negoziatu eta adostu: langileak, familiak eta haurrak erdigunean jarriz.
  • Doakotasunaren ondorioz sortu litezkeen behar berriei erantzuteko lanpostu berriak sortu eta egonkortu.
  • Haurreskoletako errealitateari erantzuteko 2024eanhezitzaile finkoen Leku Aldatzea gauzatu.

Bestalde, gogorarazi nahi dizuegu, LAB Irakaskuntzako, zein Haurreskolak Partzuergoko web orrialdeetan informazio erabilgarri asko duzuela eskuragarri:

Gurekin harremanetan jartzeko txartela, langileontzako informazio baliagarria, lan hitzarmena, gida desberdinak, infoak eta albisteak ikusi eta deskargatu ahal izango dituzue.

  • Haurreskolak partzuergoko web orrialdean informazio orokorraren atalean:

-Hezitzaileak eta kudeaketako langileen ataletan: hezitzaile ordezkoenzerrendak (orokorra eta herrialdeetakoak), baremazio araudia, erretiro partziala eta errelebo kontratuaren instrukzioak, Haurreskoletako hezitzaile eta kudeaketa langileen Lanpostuen Zerrendak (LPZ), Lan hitzarmena eta Lan Hitzarmenaren hainbat artikuluren eguneratzeak, Leku aldatze araudia (LAL), ordezkapenak ematerakoan azken deituak, Indarrean dauden kontratuei uko egiteko eredua, lan eskaintzari uko egiteko eredua, ordezkoen araudia, kontziliazio neurriak… aurkituko dituzue.

Gurasoen atalean: familientzako informazioa, haurren onarpen irizpideak, haurren izen emate orriak, aurkeztu behar duten dokumentazioa… dago eskuragarri.

Horrez gain, Haurreskolak Partzuergoko helbideak eta telefonoak, udalei zuzenduriko atala eta dekretuak, aginduak, organigramak,…dituzue ikusgai.

Oraindik ikasturte hontako Jarraibide orokorrak argitaratu gabe daude.

LAB sindikatutik ikasturte hasiera ona opa dizuegu. Edozein zalantza, kezka eta iradokizun jarri gurekin harremanetan. Animo eta aurrera!