Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan benetako kontsolidazioa exijitu du LABek

509

LABek okupazioa burutu du Benetako Kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu! lemapean Jaurlaritzak Bilbon duen lurralde ordezkaritzan, EAEko Hezkuntza Sailaren menpeko irakasle, heziketa bereziko hezitzaile eta sukalde eta garbiketako langileen kolektiboetan hurrengoa eskatuz:

  • Estabilizazio prozesuetako lan eskaintza publikoetan lanpostu gehiago eskaintzea: irakasleen kasuan, egiturazkoak diren lanpostuak —egun aurrekontu zuzkidura dutenak— eta ezkutuan daudenak; bereziki, laguntza zerbitzuetan zerbitzu-eginkizunen bidez betetzen direnak (lanbide heziketakoak, Iraleak, barnetegiak edota Berritzegunekoak). Heziketa berezian, obra eta zerbitzu kontratu guztiak, urtero errepikatu direnak. Eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, iruzurrean dituen eta ikasturtero errepikatzen diren lan metaketa kontratuak.
  • Egiturazkoa bilakatu den prekarietateari amaiera ematea: kolektibo laboraletan, behin-behinekotasuna eta prekarietatea egiturazkoak izan dira azken urte luzeetan. Heziketa bereziko langile-kolektiboetan 14 urte pasa dira LEP deialdirik gabe eta sukalde eta garbiketako zerbitzuetan 21 urte. Horregatik, urtez urte errepikatu diren laguntza-kontratuak eskaintzaren parte izan behar dira eta kontsolidatu beharrekoak; egiturazko lanpostuak dira.
  • Madrilek ezarritako dekretu eta aginduetatik harago, Euskal Herriko langileontzako neurriak bertan erabakitzea. Izan ere, irakasleen kasuan, birjartze tasan oinarrituriko oposizio-lehiaketa arruntetan eskaini nahi dituzten plazetako asko estabilizazio prozesuen bitartez bete litezke, oposizio-lehiaketa “ez baztertzaile” edota meritu-lehiaketaren bidez.
  • Hezkuntza Sailak estabilizazio prozesuen eskaintzaren negoziazioarekin jarraitzea kolektibo laboraletan: heziketa berezian eta sukalde eta garbiketan. Eta negoziazioari heltzea irakasleen eskaintzari dagokionean.

LABen ustez Hezkuntza Sailak orain arte emandako eskaintzen kopuruak ez nahikoak dira, eta horregatik eskatzen du maiatzak 31 arte dagoen epea negoziatzeko baliatzea.