Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako mahai negoziatzaileak aurrera darrai

341

Ekainaren 14an EAEko ikastoletako Lan-hitzarmeneko mahaia bildu zen.
Lan erreforma dela eta, aurreko lan-hitzarmeneko mahaian, 2022-2023 ikasturteari begira, ikastolek egin behar dituzten kontratazioak erregulatzeko proposamena luzatu zuten Ikastolen Elkarteak zein EIBk.
LABek, proposamena aztertu ostean, ondokoa adierazi zuen lan hitzarmeneko mahaian:

  1. Lan-hitzarmeneko 23. artikuluan ezartzen den bezala, langile guztientzat %100 lanaldia duten kontratu mugagabeak sinatzea izan behar du helburua.
  2. Behin-behineko kontratuak salbuespenezkoak izan behar dira eta hauek egoki arautu beharko lirateke:
    a. Ekoizpen-arrazoiengatiko kontratuetan gure sektorera egokitzen diren doikuntzak adosteko prest egon arren, prekaritatea ekarri dezaketen egoerak ekiditeko beharra adierazi zen, hala nola, noizbehinkako egoerei aurre egiteko urtean 90 egunez erabili daitekeen kontratu modalitatea ez onartzea exijitu genuen.
    b. Ordezkapen kontratuei dagokienez, lanpostu erreserba duten langileen ordezkapen luzeak egiten ari diren behin-behineko langileak egonkortzeko formulak proposatu genituen.
    c. Behin-behineko kontratuak salbuespenezkoak izan daitezen hauei muga jarri eta jarraipen bat egitea proposatu genuen.
  3. Aldizkako lan-kontratu finkoei dagokienez, hauek gure errealitatera egokitzeko prest egon arren, oso ongi erregulatu behar direla adierazi genuen:
    a. Kontratu mota hauek, legeak ezartzen dituen baldintzak betez, aktibitate konkretu batzuei lotu beharko liratekeela adierazi geneun. Horien artean aipatu genituen Hezkuntza ez arautuko aktibitate zehatz batzuk (jangela eta autobusa kasu) eta Jarduera Osagarrietako zenbait langile (udalekuetakoak adibidez).
    b. Kontratuen zehaztapenaren, lanpostuen deialdiaren, ikastolek arau hausteren bat eginez gero langileek jaso beharreko konpentsazioaren… inguruko eskakizunak burutu genituen.
    c. Aldizkako lan kontratuei muga jarri eta jarraipen bat egitea proposatu genuen.

    Ikastolen Elkarteak, EIBk eta LABek akordioetara heltzeko prestutasuna adierazi genuen. Horretan gaude eta jarraituko dugu langileentzako ahalik eta baldintzarik onenak lortu arte.
    Bestetik, beharrizan eta eszedenteen gaia ixteke dagoela adierazi zen. Hurrengo ikasturterako zeintzuk izango diren gelak osatzeko irizpideak oraindik ez daude argi eta honek planifikaziorako zailtasun handiak dakartzanez beharrizan eta eszedenteen prozedura geldirik dagoela adierazi zuen Ikastolen Elkarteak. Gaiak birkokapen eta kontratazio berrietan duen garrantzia ikusirik, berau lehenbailehen desblokeatzea exijitzen dugu.
    Besterik gabe, hurrengo mahai negoziatzaileko behin behineko data finkatu zen bilerari amaiera emanez: hurrengo hitzordua, ekainaren 28an izango da.
Info-2022-06-14