(EAE, Gizarte Ekimena)
Bilboko Hijas de la Cruz itunpeko ikastetxeko arduradunek atzo jakitera eman zutenez 2021eko abuztuaren 31n ikastetxea itxiko dute, 162 urteko jardueraren ondoren, eta 204 familia eta 33 langile kalean utzita. Azken 10 urteetan matrikulazioak behera egin duela, eta bi hezkuntza-ituna galdu dituztela argudiatzen dute.
LAB sindikatutik salatu nahi dugu Hijas de la Cruz Kongregazioaren fede txarra. Abuztutik erabakia hartuta bazuten ere, matrikulazio-aldia zabaltzeko astebete baino gutxiago geratzen denean, matrikulazioa itxi du, eta, horren ondorioz, ikastetxeari itxiera baino beste irtenbiderik ez dio uzten.
Itxiera ez da kasualitatea, azken 10 urteetan Hijas de la Cruz Kongregaziokoek ez dute inbertsio ekonomikorik egin ikastetxean, eta, ondorioz, instalazioak egoera prekarioan daude, familientzat aukera erakargarria izateari utziz. Zentroaren itxierak EAEko Hezkuntza Sailaren oniritzia duela ematen du; izan ere, onartu egin dio matrikulazioa ez irekitzea, nahiz eta itunaren aurreikuspenak 2024ra arte irauten zuen.
Ikastetxearen itxierak Bilboko Alde Zaharra eta Solokoetxe auzoak 300 eskola plaza gabe utziko ditu. Egoera honi gehitu behar zaio barrutiak gaur egun duen eskaintza publiko oso murritza dela, Mujika eta Atxuriko eskolak beteta baitaude.
Familientzat zein langileentzat zabaltzen zaien egoeraren larritasunaren aurreak, Hezkuntza Sailari ausardiaz eta erabakitasunez joka dezala eskatzen dio LABek, eta zentroa publifkatzeko prozedura ireki eta beharrezko baliabideez hornitzeko eskatzen du, Zazpikaleak eta Solokoetxe auzoek behar duten hezkuntza-proiektu erakargarria izan dadin.
Horretarako, LAB sindikatua datozen egunetan harremanetan jarriko da eragile politiko, hezkuntza eta gizarte eragileekin, ikastetxea itxi ez dadin eta kalitatezko hezkuntza-eskaintza publikoa izan dadin. Hori dela eta, hurrengo egunetan mobilizazioak hasiko ditugula aurreratzen dugu.