(EAE, Haurreskolak)
Abenduaren 10ean egin zuten bezala, Haurreskolak Partzuergoko langileek bat egin dute LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok egin dugun greba deialdiarekin; izan ere, aurrekoaren jarraipena gainditu da eta %75 izan da EAEko haurreskoletan. Gaurkoan ehundaka langile atera dira Gasteiz, Bilbon eta Eibarren deitu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetara, gaur bertan Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza batzordea Lakuan biltzen den bitartean. Mahai negoziatzailea hilaren 22rako deitu dute, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkariak bertaratuko omen dira. Paradoxikoki, gai-ordenean kudeaketako langileen aurreakordioa besterik ez dute txertatu. Aurreakordio hau orain dela ia urtebete sinatu zen eta, oraindik, ez dute bete.
Gauzak horrela, Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari salatzen jarraitzen dugu. Hezitzaile eta kudeaketako langileen lan-baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari direnez, hilaren 22rako iragarritako bileraren gai-ordenari aldarrikatzen ari garen puntu hauek gehitzea eskatu dugu. Gaur gaurkoz, ez dugu erantzunik jaso:
- Ordezkapenak betetzea, hezitzaileak haurreskola batetik bestera derrigorrezko desplazamenduekin eta aparteko orduen erabilera txarrarekin bukatzea.
- Sinatuta dauden akordioetatik abiatuko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, irakaskuntzako kolektibo guztietan hezkuntza saila egiten ari den bezala.
- Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
- Haurreskolak Partzuergoaren integrazioa Hezkuntza sailean.
- Doakotasunerako urratsak ematea.
- Aurrekontua handitzea .
Zorione Etxezarraga gerenteak EAEko Legebiltzarreko hezkuntza batzordean duen aurrekontuarekin ez zaiola heltzen esan eta gero, abenduaren 10eko grebaren testuinguruan hezitzaile, familia eta hainbat udaletatik gure aldarrikapenak jasotzen zituzten gutunak eta presioa jaso ostean, Jokin Bildarratzek, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria denak, hainbat adierazpen egin ditu Legebiltzarrean. Besteak beste, aurrekontua 2,5 milioi € handituko duela adierazi zuen. Diru-partida hau zertarako erabiliko den jakin nahi dugu. Langileen eskubideak ez urratzeko erabiliko da? Doakotasunean aurrerapausuak emateko? Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko? Edo, azken ikasturteetako kudeaketa eskasak eragindako zuloa estaltzeko erabiliko dute?
Haurreskolak Partzuergoak bizi duen egoeraz jabetuta, Legebiltzarrak honako hau eskatu zion pasa den astelehenean Eusko Jaurlaritzari: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza-eskaintza sustatzen jarraitzeaz gain, Haurreskolak Partzuergoko matrikulari hobariak emateko ezarritako sisteman sakontzea ere eskatu zion. Covid-19aren pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak nabarmen aldatu zaizkien familien salbuespenezko egoera ere kontuan hartuko da: ordaindu behar dituzten kuotak bizi duten egoera berrira moldatuko dira. Alde sozialarentzat nahikoa ez bada ere, aurrerapauso bat da. Ikusteke dago noizko eta nola zehazten diren neurri hauek guztiak.
Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu
Bukatzeko, gogorarazi nahi dugu 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugula eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok. Haurreskolak Partzuergoko langileak, familiak eta udalak zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen ditugu.