LABek PAIren iruzurra salatu du, onura pedagogiko frogaturik gabeko programa izan arren funtzionario talde propioa baitu

271

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak PAIko irakasleekin ad hoc funtzionario talde bat sortu izana, Administrazioaren mendeko gainerako irakasleengandik bereizia. Egonkortze prozesuaren eskutik datorren zerbait da hau, Madrildik ez baitzuten aukerarik ematen ingeles profila zuten plaza horiek egonkortzeko. Bada, Nafarroako Gobernuak nahi bezala erabili du foru autonomia, PAIren iruzurra betikotzeko helburuarekin. LAB sindikatuari onartezina eta izugarria iruditzen zaio hori guztia.

LABek urteak daramatza salatzen PAI iruzurra dela. Berez, hizkuntza programa bat da, baina batzuek hezkuntza eredu bihurtu nahi dute, nahiz eta frogatutako onura pedagogikorik ez duen. PAI sortzeko helburu nagusia D ereduari erasotzea izan baitzen. Ikasturte osoa eman du LABek Hezkuntza Departamentuari inbertsioa eskatzen irakasle nafarren lan baldintzak hobetzeko, baina behin eta berriz ukatu dute eskaera diru faltaren aitzakiarekin. Eta orain ikusi da badagoela dirua funtzionarioen kidego bat asmatzeko, sindikatuen babesik gabeko hizkuntza programa batean lan egingo lukeena, abal pedagogikorik gabe; zenbait ikastetxe PAItik ateratzea eskatzen ari diren une batean, gainera.

Horregatik guztiagatik, LABek Nafarroako Gobernu berria osatuko duten talde politikoei iruzur horren partaide ez izateko eta beharrezko mugak ezartzeko eskatzen die. LABen iritziz, marra gorria da hau. Atzerriko hizkuntzak modu orekatu eta koherentean landu behar dira, gainerako gaitasunak eskuratzeari eta hizkuntza propioak menderatzeari lehentasuna emanez; eta hori ez da gertatzen gaur egungo PAIrekin.