EAEko Irakasleen ekainak 14ko mahai sektoriala: Lanbide Heziketako irakasle teknikoen egoera eta akordio proposamena, udako kobraketa eta edoskitze metaturako akordio proposamena

581

Lanbide Heziketako irakasle teknikoen egoera
Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketako kidegoen eta hauen egoeraren inguruko azalpena eman digu. Izan ere, 2026ko urtarrilaren 19rako legeak hala araututa Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertuko da eta hauek Bigarren Hezkuntzako edo Sektore Singularretako kidegoetan integratuko dira.
Hortaz, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak Bigarren Hezkuntzako kidegoan integrazio prozesua egin edo Sektore Singularren kidegoan sartzeko, 2026 urte arte hurrengo bideak dituzte:

  • Bigarren Hezkuntza: Gradua eskuratu ahala edozein momentutan egin ahal izango du irakasle teknikoen kidegoko karrerako funtzionarioak Bigarren Hezkuntzan integratzeko eskabidea,deialdia etengabe dago zabalik.
  • Sektore Singularrak edo bereziak (salbuetsitako 10 espezialitateak): egonkortzeko prozesuen bitartez sartuko dira edo goi-mailako Lanbide Heziketako titulazioa aurkeztuta betiere zerbitzu aktiboan egonik. Eszedentzian egonez gero ez legoke Sektore Singularretan sartzeko aukerarik.

Sortuko den kidego hau, kidego propio berria izango da eta irakasle teknikoek gaur egun dituzten baldintza berdinak izango ditu, soldatak barne.

Bitarteko irakasle teknikoen egoera eta akordiorako proposamena
Sektore Singularrekoak ez diren eta Bigarren Hezkuntzako kidegora pasatzen diren espezialitate guztietan 2017an itxi ziren titulaziorik gabekoen zerrendak. Geroztik langileak 3 egoeratan daude: baldintzak izanik -gradua dutelako- integrazio eskaeraren bidez Bigarren Hezkuntzan sartu eta sartuko direnak, merezimendu lehiaketaren bidez egonkortuko direnak eta titulaziorik izan ez eta egonkortzeko aukerarik ez dutenak.
LABetik azken urteetan adierazi dugu diagnostiko osoa egin eta egonkortzeko aukerarik ez duten langile hauentzat irtenbide errealak aurkitu behar direla. Hezkuntza Sailak mahaian adierazi zuen behin prozesu guztia bukatuta zenbat langile diren identifikatu eta irtenbide pertsonalizatua bilatuko dela. LABek hainbatetan adierazi bezala, proposamen zehatzak egingo ditugu egoera bakoitzari soluzioa emateko.

2026 urtera arte Lanbide Heziketako bitarteko edo ordezko irakasle teknikoak zerrendetan edo lan-poltsan parte hartu eta haien antzinatasuna aintzat hartzeko, akordio proposamena egin du sailak. Izan ere, orain arte zeuden zerrenda guzti horiek desagertu egingo dira eta denak berdinean integratu. Akordioaren ondorioz, zerrenda bakar horretan titulazioa ez duten Lanbide Heziketako irakasle teknikoek orain arteko baldintza berdinak izango lituzkete, haien antzinatasuna kontuan hartuz eta zerrendan Bigarren hezkuntzako irakasleen atzetik jarri gabe.


LABek momentuan sinatzeko prestutasuna adierazi du mahaian Interinok sindikatuarekin batera. ELAk bitarteko langile hauei neurri zehatz hau ezartzeari uko egin dio. Eta Steilasek ostirala bitarteko denbora eskatu du. Espero dugu irakasle teknikoen egoera babesteko langileon ordezkarion gehiengoa lortzeko azken hauek proposamena onartzea. Bestetik, gogoratu behar dugu CCOO eta UGTren bozkak ez duela baliorik hauteskunde sindikaletako emaitzen arabera ez dutelako nahikoa ordezkaritza lortu irakasleen mahai sektorialean.


Lanbide Heziketa eta Hizkuntza eskakizunak merezimendu lehiaketan
Lehenik eta behin, sailak aztertu egingo du 1.HE eta 2.HE duten plazetako hautagaiek eskatzen den hizkuntza eskakizuna egiaztaturik duten; horrela ez bada ezingo baitute plaza hori eskuratu.
Horretaz gain, bigarren hizkuntz eskakizuna daukaten kide askok lehen hizkuntza eskakizuneko plazak eskuratuko dituzte. Kasu hauetan, datorren urteko Lanpostu Zerrendak osatzean, lanpostu hauei eskakizuna aldatu eta 2.HEko plazak bilakatuko lirateke.

Bitarteko irakasle edo ordezkoen udako kobraketa
22-23 ikasturteko udako kobraketa nola izango den idatziz aurkeztu digu sailak eta langile guztientzako eskura jarriko dutela adierazi. 165 egun baino gehiago lan egin duen ordezkoak uda kobratuko du (uztaila osoa eta abuztuko oporraldia lan egindakoaren arabera) eta merezimendu bezala aitortuko zaio. LABek gai hau ordezkoen lan-baldintzen defentsa eta hobekuntzan kokatu du, ordezkoen lan-baldintzak hobetzen dituen araudi berri baten negoziazioaren baitan. Hori dela-eta atzo mobilizazioak egin ziren Donostia, Gasteiz eta Bilbon. Ikusi irakurketa, hemen: https://labur.eus/zRSBL
Bestetik, gai hau lan akordio berriaren negoziazioaren baitan hitz egin eta adostekoa izango da irailetik aurrera.
Izan ere, egun ez lektiboei zein trataera emango zaien adostu behar da hau langileei aitortu dakien.. Gogoratu
behar dugu gaur gaurkoz lan-akordio edo hitzarmenean abuztua dela juridikoki dagokion ondorio guztietarako
aitortzen zaigun opor hilabetea. Gainerakoak (uztaila, neguko eta udaberriko oporrak) egun ez lektiboak dira
eta ez dute juridikoki lan-baldintzei dagokienez oporrek luketen izaerarik.

Jardunaldi partzialean ari diren langileen edoskitze metatua
Irailaren 1etik aurrera jardunaldi partziala izan eta edoskitze metatua eskatzen duten langileei dagozkien
egunak zehazteko akordio proposamena aurkeztu digu sailak. LABek mahaian adierazi du sententziak sententzia mahai negoziatzaileetan baldintza hobeak lortzen dituzten akordioak behar ditugula eta zentzu horretan jardunaldi murriztu bakoitzean sailak egindako proposamena
motz geratzen dela. LABen aburuz egun ez lektiboak ez lirateke kontatu behar edoskitze metatuaren kalkuluan.
Hurrengo asterako hizketagai geratu da.
Edozein zalantza izanez gero, jarri gurekin harremanetan.
Animo ikasturte bukaerarekin!