Irakasleak EAE – Lekualdatze lehiaketa

Informazio hau 2023/2024ko autonomi mailako lekualdatze-prozesua oinarrituta dago.

Hezkuntza Sailak prozesu osoan zehar argitaratzen duen informazio interesgarria hurrengo loturan topa daiteke: https://www.euskadi.eus/langile-irakasle-lekualdatze-lehiaketak-maisuak-maistrak/web01-a3hhlair/eu/

Parte-hartzaileek prozesua norberaren Hezigunean ere ikusi ahal dute.

1. Parte hartzea

1.1. Nork hartuko du parte?

1.1.1. DERRIGORREZ
– Enplegu Publikoaren Eskaintzako azterketak gainditu ondoren praktikaldia egiten ari den behin-behineko funtzionarioak.
– Behin-betiko destinoa inoiz lortu ez duen karrerako funtzionarioak.
– Behin-betiko destinoa suprimitu dioten karrerako funtzionarioak.

⚠️GARRANTZITSUA: Behin-betiko destinorik ez izateagatik nahitaez parte hartu behar duen pertsonaren kasuan: ez badu parte hartzen, ofizioz esleituko zaio plaza bat.

1.1. 2. BORONDATEZ
Bi ikasturtez, gutxienez, behin-betiko destinoan egon den karrerako funtzionarioak. Aukeratzen diren plazak bakarrik esleitu daitezke.

Informazio garrantzitsua:

  • Plaza bat jabetzan esleituz gero, destino horretan egon beharra dago bi ikasturtez.
  • Behin-betiko destinoa lortu arte lekualdatze-lehiaketan ikasturtero parte hartu beharko da. Behin-betiko destinoa lortu ezean, praktikaldia egin den zentroa eta lurraldea izango dira erreferentzia bi ikasturtez.
  • Behin-betiko destinoa lortzen den lehendabiziko aldian, oposaketetan plaza lortutako espezialitatean egin beharko dira lehenengo bi ikasturteak.

1.2. Noiz hartu behar da parte?

Normalean azaro-abenduan izaten da parte hartzeko epea.

1.3. Non eta nola hartu behar da parte?

Azken lekualdatze-lehiaketan (2023/2024) parte hartzeko era bakarra hau izan zen: Hezigunean eskura dagoen eskaera elektronikoa betetzea.

Sartu NAN/AIZ eta pasahitzarekin > Eremu pertsonala > Izapideak langileen sailarekin > Lekualdatze-lehiaketa > Onartzeko eskabidea

2. Merezimenduak

2.1. Zein merezimendu baloratuko dira?

2023/2024ko deialdian I. eranskinean adierazten diren merezimenduak baloratu dira, normalean atal hau prozesu batetik bestera ez da aldatzen.

2023/2024 deialdia: Hemen

⚠️GARRANTZITSUA: Deialdiaren I. eranskina zehatz-mehatz IRAKURRI behar da.

  • Eranskin honetan baloratzen diren merezimenduak eta justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioak agertzen dira, baita Administrazioak berak ofizioz zenbatzen dituen merezimenduak ere. Hau da, lehiatzen den langileak ez du horiek egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu behar.
  • Gerta liteke atal bereko merezimenduak baloratzeko, kasu batzuetan ofizioz egitea, eta beste kasu batzuetan, ordea, parte-hartzaileak merezimendu horren egiaztagiria aurkeztea beharrezkoa izatea.
  • Praktiketako funtzionarioek EZ dute merezimenduak egiaztatzeko inolako dokumentaziorik aurkeztu behar, lanpostu hirueledunak eskatuz gero titulu edo ziurtagiriak egiaztatzeari lotutakoa izan ezik, titulu edo ziurtagiri horiek ez badira Pertsonalaren erregistroan jasota agertzen.

2.2. Merezimenduak nola aurkeztu behar dira?

Merezimenduak entregatzeko modu bakarra dago, on-line, Hezigune plataforman.

3. Uko egitea

  • Erreferentziazko ikastetxeari uko egiteko, bi urte igaro behar dira erreferentziazko tokian. Praktikaldian bazara erreferentziazko ikastetxea praktikaldikoa da.
  • Lekualdatze-lehiaketan derrigorrez parte hartzen baduzu ezingo diozu uko egin, ez behin-behineko ebazpenean esleitutako plazari, ezta behin betikoan esleitutakoari ere.
  • Lekualdatze-lehiaketan borondatez parte hartzen baduzu, behin-behineko ebazpenean esleitu dizuten plazari uko egiteko aukera dago, baina adi egon behin betiko ebazpenean esleitutako destinoari ezin zaiolako uko egin (uko egiteko epe laburra egoten da).

4. Atxikipenak eta espezialitate ezberdinak zabaltzea

4.1. Atxikipenak

Lekualdatze-lehiaketa baino lehen, ikastetxe bakoitzean espezialitate aldaketa egiteko aukera eskaintzen da, beti ere aldatu nahi den kidego horretako titulazioa edukita eta ikastetxean hautatu nahi den espezialitatean lekua badago.

Atxikipenetan parte hartzeko ikastetxean 5 urteko antzinatasuna izan behar da.

4.2. Espezialitate ezberdinak zabaltzea

Maisu-maistretan (Haur eta Lehen Hezkuntza) plaza lortu den kidegoan, behin betiko destinoan, bi urte pasa ondoren, beste espezialitate batzuetara aldatzeko aukera izango du langileak, beti ere, beste espezialitate horietarako habilitazioa izanez gero.

Eskaera EIZU bidez egin behar da.

Irakasleen kidegoan beste espezialitate batera aldatzeko, espezialitate horretako LEPeko azterketa teorikoa (gaitegiko gai bat idatziz garatzeari dagokiona) gainditu beharko da. Behin gainditurik, delegaritzan eskaera egin beharko da beste espezialitate horretan Lekualdatze-lehiaketan parte hartu ahal izateko.

5. Zalantza orokorrak

Atal honetara Hezkuntza Sailak web orrialdean urtero argitaratzen duen “Gehien egiten diren galderak” irakurtzea gomendatzen dugu.

5.1. Prozesuen maiztasuna:

Estatu mailako lekualdatze-lehiaketak 2 urtetik behin izaten dira.Erkidegoko prozesuak normalean 2 urtean behin eta estatalak egiten ez direnean izaten dira.

5.2. Zer eta noiz dira izaera bereziko Lekualdatze-lehiaketak?

Izaera bereziko Lekualdatze-lehiaketetan, ezaugarri espezifikoak dituzten plazak esleitzen dira: espetxeetakoak, ikus-entzumen arazoak dituzten ikasleekin egotekoak, … Horietan parte hartzeko ezaugarri bereziko tituluak edo ikastaroak direla ziurtatu behar da. Batzuetan lekualdatze-lehiaketa arruntak baino beranduago izaten dira.
Karrerako funtzionarioek aukera daukate lekualdatze-lehiaketa arruntetan parte hartzeko, baita izaera berezikoetan ere. Bi esleipen ezberdin izanez gero, bietatik bat hautatzeko aukera izango dute.