EAEko Hezkuntza Sailak egiturazkoak diren lan-legepeko garbitzaileen lanpostu publikoak pribatizatzeari ateak ireki dizkiola salatu dugu Bilboko ordezkaritza aurrean

524

Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean kontzentrazioa egin dute EAEko Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako kontratazioan pribatizazioari ezetz esateko eta lanpostu estrukturalak publikoak diren lan-legepeko langile finkoz bete daitezen negoziazioa eskatzeko.


Lan erreformaz geroztik ezin dira behin-behinekoak ziren obra eta zerbitzuko kontratuak egin, eta ekoizpen gorabeherengatiko kontratuak asko jota 6 hilabetez luzatu daitezke alde sozialarekin bestelako adostasunik lortu ezean. Gauzak horrela, Hezkuntza Sailak sukalde eta garbiketan eta heziketa bereziko kolektiboetan ekoizpen-gorabeherengatiko kontratuaren gaineko iraupenari buruzko akordio proposamen itxia ekarri zigun aurreko asteko negoziazio mahaietara. Salbuespenezkoak ez diren eta aurreikusi daitezkeen lan estrukturalak betetzeko behin-behineko kontratazioa luzatzeko asmoa zeukan proposamen horrek. Kolektibo bi hauetan kontratazio-mota hauek arautzen dituzten lan hitzarmenen artikuluak aldatzea proposatu ziguten, gehienez ere 10 hilabeteko iraupena izango lukeen ekoizpenagatiko kontratazioa barnebiltzea proposatuz, beti ere kontratu amaierako eguna ekainaren 30a izanik; beraz, ikasturte osoko lanpostuak lirateke.
LABek salatu du ikasturte hasieran egin zituztela kontratu hauek iraupena negoziatu gabe eta, gehiengo sindikalaren akordioa egon ezean, 6 hilabetera mugatzen zirela. LABek ez du akordioa sinatu behin-behinekotasun kontratuei ez diotelako muga jartzen. UGT eta CCOOk proposatutakoa sinatu bazuten ere, akordioa ez da indarrean sartu ez dutelako behar den gehiengo sindikala. Gainera, LAB sindikatuaren ustez kontratu hauek estrukturalak dira, matrikulazioa, bazkaltiarren kopurua edota garbitu behar diren metroak
aurreikusi daitezkeen egoerak direlako, ez dira aurreikusi ezinezko zirkunstantziek eragindakoak.
Gauzak horrela, herenegun garbiketan kontratu honekin 6 hilabete bete zituen lehenengo langileari kontratua bukatu zitzaion, eta, hemendik aurrera langile horren lana, gaur-gaurkoz, azpikontrata batek egingo du; beraz, iruzurra agerian geratu da, lanpostu horren beharra azaleratu -estrukturala den lanpostu finkoa litzateke- eta LEPera lanpostu gehiago eskaini daitezkeela frogatu delarik.
Horregatik guztiagatik, administrazioari kontratu hauen iraupena negoziatzeko prest zeudela adierazi zion LABek, eta bere eskaintzan berresten da. Era berean, pribatizazioarekin bukatzeko apustua egiten du, eta, azaldu duenez, sindikatuak lanean jarraituko du zerbitzuen publikazioa gauzatu dadin.
“Proposamen itxien aurrean, ordea, mobilizazioa edota bide judiziala baino ez zaigu geratzen”, azpimarratu dute.