2023-24 ikasturtean Haurreskolak Partzuergoko zerbitzua doakoa izango dela jakinarazi ziguten atzo egin zen mahai negoziatzailean. Apirilaren 17tik maiatzaren 9ra haurren izen-emate epea irekiko da. Haurreskolak Partzuergoko langileen, familia eta hainbat eragilerekin elkarlanean, urteetako borroka eta aldarrikapena irailaren 1etik aurrera gauzatuko da.
Beste aldetik, atzoko mahai negoziatzailean Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza, funtzionamendua eta haurren izen-emate arauak proposatzen dituen dokumentua aurkeztu ziguten. Dokumentua aztertu eta ekarpenak egiteko epea eskatu zuen LABek, eta onartu zen, astelehen arteko epea emanez.
Proposatzen dituzten aldaketen oinarria eta justifikazio pedagogikoa ematea eskatu genuen ekarpenak egin ahal izateko. Zerbitzua lan hitzarmenera egokitu dute eta LAB zerbitzua unibertsala eta kalitatekoa izan dadin borrokatuko da, langileon eta haurren eskubideen defentsan.
LPZ eta LEPak
Hurrengo ikasturteko hezitzaileen lanpostuen zerrendaren proposamena ekarri ziguten: 1035 lanpostuen zerrenda da. Horretan, hainbat haurreskoletan lanpostu bakarra agertzen zela ikusita, 2018ko LABek aldebakarrez sinatu zuen akordioa aintzat hartu eta hezitzaile bakarreko haurreskolak ezin direla egon gogorarazi genien. Honen aurrean, horietako lanpostu kopuru bat zonalde jakin batzuetara atxikituta izatea proposatu digute. Proposamena gehiago lantzea eta lanpostu hauen ezaugarrien negoziazioa abiatzea eskatu genuen. Beraz, lanpostuen zerrenda hainbatetan aipatu ditugun haurreskola bakoitzeko tipologiaren araberako irizpide batzuen baitan lantzea eskatuko dugu. Horrez gain, taldekatze gelen tipologia eta baldintzen araberako negoziatzeko proposamena egingo dugu.
Bestalde, LABek finkoen lekualdatzean kontsolidaziora aterako diren plaza guztiak ateratzea eskatu zuenez, premiazko lanketa da hau. Salbuetsita geratuko dira LABek sinatutako historikoen akordioari lotuta dauden plazak.
LEPetan izen-emateen datuak:
Kudeaketa ekonomikoko arduraduna | 7 |
Giza baliabideen arduraduna | 4 |
Prebentzio eta planifikazio arduraduna | 2 |
Arkitektoa | 3 |
Prestakuntza eta hezkuntza laguntzako teknikari | 13 |
Kudeaketako teknikaria | 30 |
Administrariak | 56 |
Arriskuen prebentziorako erdi mailako teknikaria | 1 |
Haur-hezitzaileak | 859 |
Prozesuan onartutako eta baztertutakoen zerrendak noiz argitaratuko diren ez digute esan. Argitaratu ostean alegatutakoaren ziurtagiriak igo beharko dira aplikaziora.
Horrez gain, LABetik salatu genituen enpresaren arduragabekeria eta zalantzazko praktika sindikala, sententzien bidez finkatuko diren hezitzaile batzuk sindikatu batek sartutako demandengatik finkatuko direlako aurreko LEPetara aurkeztu gabe.
Ordezkagunea
Ordezkagunea eta ordezkoen araudia negoziatzea eskatu genuen, baina kudeaketako aplikazio baten lanketa dela eta, ordezkagunea atzeratuko dela esan ziguten. Ikasturte honetan martxan jartzeko asmoa zuela esan zigun gerenteak.
Aldi baterako ezintasuneko parteak
BOEk argitaratutako dekretuan jasotzen denez, Apirilaren 1etik aurrera, aldi baterako ezintasuneko alta eta baja ziurtagiri parteak telematikoki helduko zaizkie enpresei. LABek eskatu zuen kudeaketa horren informazioa haurreskoletako langile guztiei jakinarazteaz gain, horrek ordezkapenen kudeaketa eta denboretan eraginik ez izatea.
Erretiro partziala
Hezkuntza sailaren jarraibideek zehaztuko dituzte aurtengo errelebu kontratuaren baldintzak. Urtero egindako salaketa errepikatuz, behin behineko langileek ere errelebu kontratua eskuratzeko eskubidea izan behar dutela aldarrikatu genuen.
%2,5eko soldata igoera
Martxoko nominan 2023rako langile publikoentzat Madriletik ezarritako igoera aplikatuko dute. LABetik KPIaren araberako soldata igoera eskatu genuen, eros ahalmena berreskuratzeko.
Horrez gain, irakaskuntzako gainontzeko kolektiboetan jasotzen duten Itzarri pentsio konplementuaren kopurua nominan jasotzeko eskaera egin genuen berriro ere.