Kalitatezko ebaluazioaren alde, inbertsioa, nahitaezkoa

377

Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzen hezkuntza-ebaluazioaren esparru orokorra ezarriko duen Foru Aginduaren zirriborroa partekatu du sindikatuokin. LABen ustez, ebaluazioa hezkuntza kalitatean funtsezko eta zaindu beharreko aldagaia da. Baina, aldi berean, eta daukan garrantziaz jabetuta, ezin dugu inondik inola ere onartu ebaluazioaren marko orokorra ezartzean hezkuntzako langileen jada handia den lan zama areagotzea; honek kalitatearen kalterako eragingo luke zuzenean, eta hezkuntza kalitatea da, hain zuzen ere, babestu eta gailenduarazi behar duguna.

Zirriborrotik ondoriozta daitekeenaren arabera, hezkuntza-ebaluazioaren esparru orokor horrek aurreikusten du hainbat lan irakasleek, zuzendaritza taldekideek nahiz ikuskariek egin beharko dituztenak, hala nola txostenak betetzea, eta ebaluaziotik ateratako emaitzen araberako hobekuntza plan bat diseinatzea, baina ez du inon argitzen nondik aterako den lan estra horiek egiteko denbora. LABen uste dugu langile hauen lan zama zeregin burokratiko honekin handitzeak, hezkuntza kalitatea hobetu beharrean, kaltetu egingo duela. Ezinbestekotzat jotzen dugu, hortaz, esparru orokor honek ebaluazioa behar bezala egiteko beharko diren baliabideak aurreikustea eta beraietaz hornitzea. Lan horiek egokiro egiteko beharrezkoa litzateke irakasleen zuzeneko eskola-ordu kopurua jaistea. Honek koordinazioak hobetzen eta ebaluazio plana garatzen lagunduko luke.

Eta ebaluazioari dagokionez, nolakoa izan beharko luke, LABen ustez? Bada, hasteko, hezitzailea: diagnostikoa egitera eta hezkuntza-sistema hobetzera bideratua, eta ikaskuntza esanguratsua izan dadin izan behar luke helburu. Xede horrekin, integrala izan behar du: ikaslea erdigunean kokatuta, ebaluazioak eskola, langileak, hezkuntza zerbitzuak eta, finean, sistema guztia baloratu beharko du eta, gainera, gizakiaren hiru dimentsioak –psikologikoa, kognitiboa eta soziala- aintzat hartuz. Halaber, ebaluazio hori, zer eta nola ebaluatu, definitu eta adostu beharko litzateke hezkuntza komunitateko agenteen artean, ikasleei eta familiei hitza emanez.
Egokiro ebaluatzeko, autoebaluazioa eta koebaluazioa indartu beharko lirateke, indarguneak eta ahulguneak identifikatu, hauen zergatiak aztertu eta hobetzeko neurri hezitzaileak ezarri beharko lirateke. Ebaluazioa modu osagarrian, koherentean eta arrazionalean inplementatu beharko litzateke, eta bertatik ateratako ondorioak modu orientagarrian interpretatu beharko lirateke, balio akademikorik eman gabe.

Bistan denez, behar-beharrezkoa den ebaluazioa arautu nahi izatea goraipagarria bada ere, honek nekez lortuko du hezkuntza kalitatea hobetzea helburuak argi ez badaude eta inbertsio ekonomikoaz lagunduta ez badoa; alderantziz, hori egin ezean langileen lan zama alferrik handitzeko eta, kalitatea hobetu beharrean, kaltetzeko arriskuak daude.

Ebaluazio hezitzailearen inguruan LABek duela urte gutxi egindako ekarpena irakurri eta sakonago aztertu nahi baduzu, hemen duzu:

Ebaluazio-hezitzailea

Jatorrizko informazioa: HEMEN.