Elkarretaratzea egin dugu Iruñeko Lezkairuko eskola berrian D eredua jar dezaten eskatzeko. Elkarretaratzea Lezkairuko eskola berria egiten ari diren tokiaren ondoan egin dugu.
LAB, STEILAS, ELA, SORTZEN eta Euskalgintzaren Kontseiluaren oharra:
Azken urteotan etxebizitza asko eraiki dira Iruñeko hegoaldeko auzoetan, batez ere Azpilagañan, Arrosadian eta Lezkairun. Familia askok haien seme-alabak euskarazko murgiltze ereduan matrikulatu nahi dituzte, baina, gaur egun, eremu horretan Hegoalde ikastolak bakarrik eskaintzen du D eredua, eta ez da aski eskari guztia estaltzeko.
2021eko otsailean, Lezkairuko ikastetxe berria eraikitzeko hitzarmena sinatu zenean, Hezkuntza kontseilariak esan zuen posible zela D eredua zabaltzea aipatu eskolan. Dena dela, azken mahai sektorialean horretaz galdetu genuen, baina ez ziguten erantzun.
Gainera, Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoan xedatzen da ikastetxe publikoen sareak behar adinako gaitasuna lortu behar duela auzo eta zonalde guztien beharrak asetzeko, ikasleengandik hurbilen dauden ikastetxeetan eskolatzeko eta euskarazko eskaintza etengabe garatzeko mailaz maila.
Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu D eredua zabal dezala Lezkairuko eskola berrian, hurrengo martxoaren 7an irekiko den matrikulazio kanpainan, euskaraz ikastea denon eskubidea delako.