Nafarroako Hezkuntza kontseilariak aurkeztutako protokoloa berandu iritsi da eta inprobisaziora eramango gaitu

418

Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak ikasturte honetarako aurkeztu zuen protokolo berriaren aurrean, LAB sindikatuak neurriok berandu iritsi direla eta inprobisaziora bultzatuko dutela salatu nahi du, besteak beste.

Jakina da -Departamentuak inork baino hobeki badaki hurrengo ikasturterako plantillak maiatzean prestatzen direla- zuzendaritza taldeek plantillei dagokien lan guztia kurtso hasieran jada egina dutela, hots, langileen beharrak aurreikusi eta, Hezkuntza Departamentuak emandako baliabideekin, ikasturte berriko ordutegiak eta abar prestatu. Hortaz, beste behin ere Gimenok irailaren 6an iragarri zituen nobedadeak -lanaldi jarraituari eskolaz kanpoko jarduerak gehituko zaizkiela- berandu iritsi dira eta orain, dena antolatuta zegoen ikasturte berri honetan, lana berregitera bultzatuko ditu zuzendaritza kideak eta, okerrena, modu inprobisatuan. Izan ere, eskolaz kanpoko jarduerak eskaini beharko dituztela iragarri zuen kontseilariak, baina horien inguruko inongo azalpenik zehaztu gabe -hala nola, zeintzuk izan daitezkeen eta hauek nola eta zer baliabiderekin antolatu beharko diren (jarriko al dute baliabide gehiagorik? Dagoeneko irakasleen kontratazioak eginda daude, udaberriko aurreikuspenen arabera… Beldur gara zama berri hau ere irakasleen gainean eroriko ote den, pandemia hasi zenean Departamentuak ezarritako protokoloak ekarri zuen bezala)-.

Ez die balio Hezkuntzakoei orain esateak Covid-19 afera berria denik eta horren aurrean birplanteatzen ibili behar izan dutenik, pandemiarekin dagoeneko 18 hilabete baitaramatzagu eta gauzak hobeki aurreikusteko eta antolatzeko aukera izan baita. Departamentua inprobisazioz inprobisazio dabil, zer egin oso ongi ez dakien seinale; ez du ezta bere plangintza ere bete: ekainean ezarri zuen jardunaldia urrian eta urtarrilean berraztertuko zuela eta, bistan denez, atzo iragarritako neurriok kurtsoa hasi aurretik hartutakoak dira, urrira itxaron gabe. Eta zer gertatuko da urtarrilean, protokoloa berriro aztertzen duenean? Haize-orratza bailitzan, orain egindako lan guztia bertan behera utziko al du osasun egoeran babestuta har dezakeen erabaki ezberdin batekin?

Ez da hori, ordea, leporatzen diogun bakarra. Ohituta bagaude ere, ez da onargarria honelako erabaki garrantzitsuak inongo kontsentsurik gabe hartzea, ez baitzaigu iritzia galdetu ez langileei, ez beren ordezkariei, ezta familiei ere. “Guztion mesedetan” hartutako neurri hauek ez dituzte inorekin adostu, ilogikoa dirudiena.

Eta, azkenik, berriro ere, zeharo alboratu dituzte arlo pedagogikoa eta emozional-afektiboa; osasun-ikuspuntuak itsututa, ahaztu dituzte ikasleek ezinbestekoak dituzten behar hauek, protokoloak aipatu ere egiten ez dituelarik.

Tamalez, Covidaren iritsierak ordainsari bat izan du hezkuntza komunitate osoarengan, ezin ukatu; baina Hezkuntza Departamentuaren ardura da kalteak minimizatzea eta ikasleen eta langileen ongizatea ahal den neurrian bermatzea, beraien egoeraren osotasunari begira, eta ez soilik alde bakar batzuk kontuan harturik. Ez ikasleek, ez langileek, ez lituzkete ordaindu beharko Hezkuntza Departamentuaren ausardia edo plangintzarik eza, eta euren beharrak asetzeko ahalegina egin beharko lukete Hezkuntza arduradunek, guztiok aldarrikatzen dugun hezkuntza-kalitatearen alde.

Jatorrizko berria: HEMEN