2020-2021 ikasturtea Covid 19-ak zuzenean baldintzatutakoa izan da. Pandemiaren ondoriozko segurtasun neurriek langileon lan-karga izugarri handitu dute, urteetan emandako aurrerapauso pedagogiko asko zalantzan jarriz. Hala ere, eskuartean izandako baliabideak urriak izan arren, ikasturtea aurrera ateratzea lortu dugu.
2020ko irailean pandemia baten aurrean eta ia baliabide gehigarririk gabe hasi genuen ikasturtea ikastoletako langileok. Urteetan emandako eraldaketa pedagogikoei mugak ezartzen zizkieten segurtasun protokoloak inplementatu behar izan genituen administrazioen utzikeria nagusi zen testuinguruan. Langileon borrokak eta konpromiso itzelak ahalbideratu dute ikasturte “normalizatua” izatea. Greba baten bidez lortu genituen Covid baliabide gehigarriak EAEn, langileon parte hartzearekin adostu genituen Covid-aren aurreko Kontingentzia Planak, eta langileon konpromisoz, eta lan kargaren igoeraz, aurrera atera dugu ikasturte zail hau. Zorionak guztioi!!!
Egoerara egokitzeaz gain, ikastoletako langileok lorpenak ere erdietsi ditugu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ikastoletako langileen aldarrikapen historikoak barnebildu dituen lan-hitzarmena adostea lortu dugu. Era berean, Nafarroan langileriarekin batera garatutako eskakizun plataforma osatu ostean, lan-hitzarmen berria negoziatzen hasteko prozesua ireki dugu.
LABen eredu sindikalak emaitzak ematen ditu eta hori ikastoletako langileriak ematen digun babesean islatzen da. Nafarroan Lizarrako ikastolan ordezkaritza handituz ikastoletako langileen ia ordezkaritza osoa dugu. EAEn Itxaropena ikastolan, Lautada ikastolan eta Oteiza lizeoan ordezkaritzak handituz delegatu sindikalen %75 eskuratzea lortu dugu. Eskerrik asko zuen babes eta lanagatik!
Pandemiak aurrez agortua zegoen hezkuntza sistemaren ahulguneak are ageriagoan utzi ditu. Argi gelditu da egungo zatiketa administratiboek, hizkuntza ereduetan oinarritutako eskaintzek, zein eredu dual unibertsalak ez diotela Euskal Herriaren hezkuntza beharrei erantzuten. Zentzu horretan azpimarratzekoak dira Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduaren alde zein estatuaren inposaketen aurrean ikastoletako langileek erakutsi duten desobedientziarako joera. Herri honek bere beharretara, eta ez kanpo interesetara, egokitutako Euskal Eskola Publiko Komunitario bat behar du! Hori lortzeko aukerak irekiko dira eta LABek borroka horri determinazioz eutsiko dio.
EUSKAL ESKOLA PUBLIKO KOMUNITARIOAREN BIDEAN LAN-BALDINTZA
DUINETAN OINARRITUTAKO IKASTOLETAKO LANGILEEN ALDE BORROKAN!
BERRIAK Euskal Herriko Ikastoletan langileon ahaleginarekin inoizko ikasturterik zailena aurrera atera dugu