
Gaur, EAEko irakasleen mahai negoziatzailea izan dugu. Hezkuntza Sailak gai-ordena bi egun lehenago partekatu izana eta bertan landutako gai-ordena tramite hutsa dela salatu du LABek. Izan ere, lekualdatze-lehiaketan kaltetuak izan direnentzako neurria, Hezilab Dekretua, lanpostuak aldi baterako betetzeko prozedurak eta izendapen askeko lanpostu erreserba izan ditugu hizpide.
LABek gai-ordenean sartu aurretik argi adierazi du onartezina dela azaroa hasi berri dugun honetan, oraindik ere baliabideak ikastetxeetara iritsi ez izana (HH/LHko tutore, EUSLE edo HIPIak…). Era berean, ordezkapenak lehen egunetik bete behar dira, eta aitzakiak alde batera utzi behar ditu Hezkuntza Sailak. Tramitagune eta EIZU aplikazioen bidez egiten diren eskaerak erantzun eta langileen eskubideak betearazteko beharrezko baliabideak jartzea ere exijitu dio LABek Sailari.
Lekualdatze lehiaketan kaltetuak izango direnentzako neurriei dagokionez, uztailan zehar egiten den ikasturte hasierako esleipenak baino lehen egingo den prozedura bat egitea proposatu du Hezkuntza Sailak, zentzu horretan, suprimitua izan den irakasleak lehentasuna izango du lanpostu bat izateko. LABek gaia aztertzeko konpromisoa hartu du. Hala ere, bestelako neurriak eskatu ditu LABek eta behin-betiko destinoa esleitu aurretik, lanpostu horiek hurrengo ikasturtean ezabatuko ez direla ziurtatzea eskatu du.
Hezilab zentroak hornitzeko deialdiari dagokionez bertan lan egiten duten langileen soldatak parekatzea aldarrikatu dugu, izan ere lan berdina eginez soldata desberdina jasotzen dute egun.
LABek negoziatu beharreko hainbat alor ere adierazi ditu, batik bat: III. Eranskina; ordezkoen araudi berria, Sailak alde bakarrez aplikatua; Lanbide Heziketako mahai propioa; Jarraipen Batzordea eta Plangintza Batzorde Teknikoaren data zehatzak: akordioaren garapena, baliabideen esleipena, ordu konpentsazioak eta EHIen gaiak bertan landu ahal izateko, besteak beste.
Bestelako gaiak ere plazaratu ditu Hezkuntza Sailak ahoz:
- LAL: Plaza hutsen behin behineko zerrenda egunotan argitaratuko da.
- EPE Maisu-maistrak: azaroaren 22an argitaratuko da deialdia eta azaroaren 23tik abenduaren 22ra zabalduko da izen ematea. Azterketa irailaren bigarren hamabostaldian, irailaren 18an edo 25ean burutuko da.
- Birbaremazioa: aurten abendura atzeratuko da, hil horren 13 edo 14an hasiko da prozesua.
- Metaketa aldiak eta oporren disfrutea Hezkuntza Sailak adierazi du, urriaren 21eko jarraibidea oinarri, gozamen aldia hasi baino lehen gozatu beharko direla ordura arte sortutako oporrak. Data horren aurretik gozamen aldia hasi dutenek, salbuespenez, sortutako oporren ordainsaria jasoko dute, eskaera eginda. Aurrejubilazioen kasuan, data atzeratzeko aukera dagoenean, gozamen ostean opor egun horiek hartu ahalko dira.
Azkenik, LABek lanean jarraituko du ikastetxez ikastetxe bisitak eta asanbladak egiten, baita afiliatuekin elkartzen ere. Langileak antolatu, akordioan jasotakoa bete eta zentroetan ezinbesteko dituzten baliabideak izateko. Presioa areagotzeko garaia da eta LAB bidelagun izango duzue.
INFO-2026-11-05

