Gizarte Ekimeneko Ikastetxeak: Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

81

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. 1. Ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egiten zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu 1eko igoera aplikatzeari. Horrela epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN) eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute argi eta garbi utziz Kristau Eskolak (KE), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen ditu:

  1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela.
  1. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe.

Zehazki, adostutako eta sinatutako eskola-ordu 1eko murrizketaren neurriak bi helburu zituen:

  1. Langileen lan-karga izugarria murriztea.
  1. Matrikulazio jaitsieragatik ikasgelak galtzeak hurrengo ikasturteetarako aurreikusten zen inpaktua eta langileen kaleraketak murriztea.

Horrela, ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan, kaleratzea saihestuko litzateke, nola? eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete.

Horrela egin behar zen, baina KEk eta AIC-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzeagatiko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, “BIDEGABEKO” kaleratze gisa; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalen GAA ez-betetzearen ondorio zuzena da, 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita birkokatzea oso zaila izatea.

Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du Kristau Eskolak (KE) Gasteizko San Viator Ikastetxean. LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin, ez dugula ezer ospatzeko eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta Mahai Negoziatzailera hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabe, eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Bertan, eskola ordu murrizketa eta lan pertsonalerako 5 orduak agertu behar dute. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke.

2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Mahai Negoziatzailean hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko ordu murrizketa eta lan pertsonalerako 5. ordua jasotzen zituena. 5 egun geroago erretiratu egin zuten, baina, zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrela, hemendik berriro exijitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira:

  1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-ordu murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin.
  1. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea.

Bide batez, sektoreko ikastetxeen % 20 inguru ari dira aplikatzen eskola-ordu murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik.

LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Prentsa-oharra_26-09-30_Elebi