Irakasleok 2025eko mobilizazio eta grebetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetako kaleak aldarriz bete genituen, eta indar erakustaldi handia egin genuen. Argia izan zen gure mezua: hezkuntza publikoan aritzen garen langileon lan-baldintzak hemen erabaki behar dira. Eta lortu genuen.
Hezkuntza publikoa indartzeko baliabideak lortzeaz gain, 15 urteren ondoren, irakasleon soldata %7 igotzeko akordioa lortu genuen. Igoera hori hiru urtetan gauzatuko da, berariazko osagarri orokorraren bidez, “2104 BO Z. Publik. Irakask. Konplex.” kontzeptuan, hain zuzen ere.
Iazko %2ko igoerari %2,5eko igoera gehituko zaio 2026/27 ikasturte honetan, eta igoera hori iraileko nominan hasiko gara jasotzen.
Datorren ikasturtean, berriz, beste %2,5eko igoera jasoko dugu. Horrela, 2025ean lortutako akordioari esker, %7ko igoera metatua izango dugu hiru urteko epean.
Bestalde, Espainiako Gobernuak eta sindikatu zentralistek, borrokari uko eginda, estatu osoko langile publikoentzat lau urterako %11ko igoera adostu zuten iaz.

LABen iritziz, Euskal Herriko langileen lan-baldintzak ez dira Madrilen edo Parisen erabaki behar, baizik eta negoziazio-eremua Euskal Herrira ekarri behar da. Ildo horretan, pasa den ikasturtean LABek, gehiengo euskal sindikalismoarekin batera, martxoaren 17ko Greba Orokorra deitu zuen, urte luzeetan aldarrikatutakoa erdigunean jarriz: gutxieneko soldata propioa Euskal Herrian erabakitzea.
Soldatak ez ezik, bertako langile publikoen lan-baldintza guztiak Euskal Herrian negoziatu eta adostu behar dira.
LABek Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen die. Euskal Herriko langileon lan-baldintzak, enplegua eta soldatak hemen erabaki ahal izateko, beharrezko neurriak adostu eta Aurrekontu Orokorretan txertatu behar dira.
2025eko borrokaren fruitua da gaurko %2,5eko igoera. Eta bide horretan sakontzea dagokigu: hemen bizi, hemen erabaki.
INFO-2026-09-28


