Ikasturte hasiera hau ere arazo eta gorabeheraz beteta egon dela salatu nahi du LABek. Izan ere, Hezkuntza Sailaren eraginkortasun ezak guztiz baldintzatu du zentroetako jarduna; hainbat ikastetxetako ikasleak irakaslerik gabe utzi ditu eta langileen eskubideak urratu ditu.
Langileek Sailak ezarritako harremanetarako kanal eta aplikazioen (Tramitagune eta EIZUren) bitartez egindako eskaerak, kasu askotan, ez dira erantzunak izan, eta ordezkapenak berandu iristen ari dira. Besteak beste:
- Zaintzagatik edo adinagatik eskatutako murrizketak erantzunik gabe eta berandu iristen ari dira.
- Adinagatiko murrizketa metatua gozatzen hasi behar ziren langileak ordezkorik gabe egon dira kasu askotan.
- Hautetsi-karguen murrizketak ez dira garaiz iritsi.
- Babestutako egoerak ez dira ondo aplikatu.
- Matrikulazio berriak eragindako kreditu gehigarri asko eman gabe jarraitzen dute.
- Hainbat ordezkapenetan akatsak egon dira.
LABentzat, administrazioak langileak artatzeko dituen bideak hornitzea ezinbestekoa da langileok merezi dugun arreta izan eta ziurgabetasun-egoerak ekiditeko. Estruktural bilakatu da, ordea, administrazio-prozesuen planifikazio eza, honek langile zein ikasleengan dituen ondorioekin.
Prozesu administratiboak bideratzeko aplikazio eta baliabide tekniko egokiekin ekipatzea eta baliabide pertsonalez betetzea ezinbestekoa da. Era berean, langileak artatzen dituzten eta ordenagailuaren beste aldean dauden langileen lan-baldintzak ere onak izatea eta dituzten lan-kargak murriztu egin behar dira ezinbestez.
Bestalde, kalitatezko hezkuntza publikoa helburu izanik, ikuspegi pedagogiko batetik, ikasturteko lehen lan-egunetik langile guztiak lan-zentroetan egon behar dira. Horretarako, Hezkuntza Sailaren ardura eta lana da egoerak aurrez kudeatzea eta ikastetxeei dagozkien baliabide oro ematea, murrizketarik gabe eta akordioa osotasunean betez. Zentzu horretan, lan-zentroen funtzionamendua hobetzeaz gain, ordezko langileen eskubideak bermatuko lirateke, baita ikaslea erdigunean jarri ere; finean zerbitzua hobetzea.
Hala ere, Hekuntza Sailak bere horretan dihardu. 2025ean sinatutako akordioak osotasunean bete gabe jarraitzen du, ikastetxeei dagozkien eta behar-beharrezkoak zaizkien baliabide gehigarri horiek gabe utziz. Hezkuntza Sailburuak nahiago izan du Imanol Pradalesen Gobernuaren marketing-kanpainaren ildotik joan, ikasturte hasierako ekitaldietan egin bezala.
Larria deritzo LABek ikasturte hasieran hainbeste intzidentzia kudeatu behar izateari. Hezkuntza Sailak dagokien baliabide guztiekin hornitu behar ditu ikastetxeak akordioak bete eta hezkuntza publikoa indartzeko, baita langileei dagozkien baimenak eta ordezkapenak sasoiz kudeatu ere.
LABek lanean jarraituko du, langileen eskubideen defentsan eta hezkuntza publikoa indartuko duten baliabidez hornituta egon daitezen.
INFO-2026-09-18


