EAEko Heziketa Berezia: Erronkaz beteriko ikasturtea

14

Ikasturte bat pasa da Lan Hitzarmen berria EHAAn argitaratu zenetik. 21 urteren ondoren lortutako akordioa abenduan iraungiko da, eta LABetik denbora honetan egindako aurrerapausoak sendotu, hobetu eta lorpen berriak eskuratzeko prest gaude. Era berean, Hezkuntza Sailari argi eskatzen diogu itxurakeriak alde batera utzi eta benetako negoziazioa abiatu dezan.

Lan Hitzarmen berriarekin hainbat izan dira eskuratu ditugun eskubide eta hobekuntzak. Urteko jardunaren murrizketa, ordezkoen araudi berria, HLEtan Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileekiko soldaten ekiparazioa, lizentzia eta baimenetan lortutako hobekuntzak, 350 lanpostu berri baino gehiago sortzea izan dira, besteak beste, akordioaren lorpenak.

Gauzak horrela, Hezkuntza Sailaren arduragabekeria dela eta, Lan Hitzarmena oraindik ez da bere osotasunean garatu. Ez betetzeen artean daude besteak beste, baliabideak esleitzeko irizpideen akordioa eta lanaldi erdiko lanpostuak osora pasatzeko plana gauzatzea. Guretzako hauek ezinbestekoak dira ikastetxeak hornitu eta Heziketa Berezian hezkuntza zerbitzua berme guztiekin emateko.

2024ko abendutik ordea, Hezkuntza Sailak ez du ahaleginik egin zentzu honetan, nahiz eta LABetik lan eskerga handia egin dugun proposamen zehatzak eta osotuak garatuz. Baina Hezkuntza Sailak Mahai Negoziatzaileei itxura ponpoxoa eman die hauek edukiz bete ordez. LABetik ozen diogu, adostutakoa osotasunean bete behar du Sailak bestela, bide mobilizatzailea indartuko dugu.

Hori da Pradalesen gobernuaren egiteko modua. Zaharrak berri. Ikusi besterik ez dago, aipatutakoaz gain, ikasturte hasiera honetan ere, Heziketa Bereziko langileok administrazioaren kudeaketa desegokiaren ondorioak pairatzen jarraitzen dugula. Esleipenetan, kontratazioetan eta langileen antolaketan errepikatzen diren arazoek ezinegona, amorrua eta haserrea eragiten dituzte gure kolektiboan.

Haatik guzti hau ez da kasualitatea, Hezkuntza Sailaren egiteko modua da, urtez urte eta kolektiboz kolektibo errepikatzen dena. LABetik onartezina deritzogu kudeaketa-arazo hauek estruktural bihurtu izana, eta Hezkuntza Sailari, neurriak hartzeko eskatzen diogu.

Akordioak betetzeaz gain, aurrera urratsak ematen jarraitu nahi dugu. Horrela, Heziketa Bereziko lanpostuak egonkortzeko ( Lan Hitzarmen berriaren ondorioz sortutakoak barne) eta behin-behineko egoerak gainditzeko lanean jarraituko dugu. Izan ere, LABek argi du, egunerokotasunari erantzuteko baliabide gehiago eta egonkortasun handiagoa behar dituela gure kolektiboak. Honi lotuta, LEP Prozesuen ereduetan eragin nahi dugu.

Bukatzeko, gogoratu nahi dugu indarrean dugun Lan Hitzarmena abenduan iraungiko dela eta LABetik burubelarri jarriko garela hurrengoaren negoziazioan. Horretarako langileekin elkarlanean sakondu nahi dugu.

Beraz, 2026-2027 ikasturtean ere, lanean jarraituko dugu langileekin alboz albo, aurrerapausoak ematen jarraituz eta gure kolektiboak merezi duen aitortza borrokatuz.

> LAB webgunea

> 2026/2027 ikasturterako jarraibideak

Tramitagune, Komunikabide eta Hezigune (Hezkuntza sailarekin tramite desberdinak egiteko plataformak)

  • Tramitagune: Hezkuntza administrazio espedienteak, eskaerak, erreklamazio formalak eta errekurtsoak sartzeko erabili beharko da. Administrazio-izapideetarako postontzia (ez du kontsulta orokorretarako balio).
  • Komunikabide: Kontsultak, kexak eta iradokizunak egiteko erabili beharko da. Ez du espedienterik sortuko, ezta administrazio-izapiderik ere. BakQ izatea ezinbestekoa da tramite guzti hauek burutzeko.
INFO-2026-09-10