LABek egindako salaketa publikoari esker gaur Haurreskoletako Mahai Parekidea eta Negoziatzailea izan ditugu

189

Joan den ekainaren 5ean, LABetik publikoki salatu genuen Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmenak blokeatuta jarraitzen zuela, sinatu zenetik 16 hilabete igaro diren arren, eta hitzartutako neurriak berehala martxan jartzea exijitu genuen. Salaketa publiko horren ostean, gaur mahai parekidea eta mahai negoziatzailea egin da.

Lan Hitzarmenak argitaratu gabe jarraitzen duen arren, aste honetan burututako gobernu kontseiluan onartua izan dela jakinarazi digute eta hurrengo prozesuak martxan jarriko dira: LAB eta STEILASek sinatutako akordiotik eratorritako 63 lanpostu berriak LPZn txertatzea, hezitzaile finkoen leku aldatze lehiaketa, 2023ko egonkortze prozesuaren gainean TSJk emandako sententziaren ostean egonkortu behar diren 77 lanpostuen esleipena eta ikasturte hasierako esleipenak.

> Lanpostuen Zerrendan lanpostu berriak txertatzea

Datorren astean Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak onartu ostean, Lanpostuen zerrendan 63 lanpostu txertatuko dira 2024an LAB eta Steilas sindikatuok sinatutako akordioari esker. Gogoratu nahi dugu, lanpostu hauek 2025eko irailerako sortuak egon behar zutela eta berandu badator ere positiboki baloratzen dugu. Horrela, Haurreskolak Partzuergoko Hezitzaileen lanpostuen zerrenda 1102 lanpostukoa izatetik 1165 lanpostukoa izatera pasako da, eta prozesu guztiak Lanpostuen Zerrendaren gainean egingo dira.

2025eko urtarrilean eta 2026ko urtarrilean errepikatutako 34 ekoizpen kontratuak lanpostuen zerrendan txertatzeko izapidetza hasiko dute Lan Hitzarmena argitaratu ostean. Horregatik eta berme guztiak izateko, LABek akordio proposamena egin dio Haurreskolak Partzuegoari. Dena ondo bidean akordioa datorren astean erdietsiko genuke, eta aipatutako kontratuak estruktural bihurtzeko izapidetza bukatu bitartean ekoizpen arrazoiengatiko kontratu bidez esleituko dira ikasturte hasierako esleipenetan.

Udan burutuko diren prozesuen behin behineko egutegia aurkeztu digute, behin betikoa dugunean helaraziko dizuegu.

> Hezitzaile finkoen Lekualdatze lehiaketa

Lekualdatze lehiaketarako gaur egun dauden lanpostu huts oso guztiak eta akordiotik eratorritako 63 lanpostuak eskeiniko dira. Beraz, guztira, 162 lanpostu eskainiko dira Lekualdatze Prozesuan. Aurkeztu diguten behin behineko egutegiaren arabera, prozesua datorren ekainaren 16an hasiko litzateke, deialdiaren argitalpenarekin bateraa. Behin betiko egutegia dugunean helaraziko dizuegu. Gogoratu borondatezko eszedentziatik itzuli nahi duten langile finkoek, Haurreskolak Partzuergoan inkorporatzeko eskaera deialdia argitaratu aurretik egin behar dutela.

77 lanpostuen egonkortzea

2023ko egonkortze prozesuaren gainean TSJk emandako sententziaren ostean egonkortu behar diren 77 lanpostuen esleipena Hezitzaile finkoen lekualdatzearen ondoren egingo da. Prozedura ondorengo egunetan zehaztuko digute.

> Ikasturte hasierako esleipenak.

Aurreko bi prozesuak bukatu ostean, ikasturte hasierako esleipenak burutuko dira. Aurreko prozesuetan bete gabe geratzen diren lanpostu hutsekin eta 2024an sinatutako akordiotik eratorritako 34 ekoizpen arrazoiengatiko kontratuekin. Haurreskolak Partzuergoaren asmoa, esleipena Hezisarea Plataformaren bitartez egitea bada ere, teknikoki bideragarria den aztertzen ari dira. Beraz zehaztasun gehiago ditugunean zabalduko dizuegu informazio.

> Plantilak esleitzeko irizpideen errefortzuak

2026ko martxoaren 3an LAB eta Steilas sindikatuok sinatutako Plantillak esleitzeko irizpideen akordioan jasotzen diren irizpideetatik eratorritako errefortzuak, haurren ordutegien behin betiko baieztapenarekin batera hornituko dira.

> Udal Haur-eskolen integrazioa

Momentuz, 6 udalek adierazi dute Haurreskolak Partzuergoan intergratzeko borondatea: Gaubea, Usurbil, Ordizia, Aretxabaleta, Oiartzun eta Andoain. LABetik eremuz eremu lanean ari gara langileen subrogazioa berme guztiekin egin dadin. Integrazioa 2026ko irailaren 1ean gauzatuko da.

Bestetik, LAB Sindikatutik beste behin ere, ordezkapenak betetzeko dagoen arazoa mahaiganeratu dugu eta Haurreskolak Partzuergoari aukera guztiak azter ditzan egoerari aurre egiteko. Zerrendak irekitzea eta irekita mantentzea eskatu dugu. Datorren ikasturteko izen emate eta baremazio-birbaremazioarekin batera aukera hau aztertuko dutela esan digute.

Azkenik, haurren onartze arauetan ezarritako haurren irteera ordutegiaren inguruko hausnarketa eskatu diogu Partzuergoari. Animatzen zaituztegu zuen Haurreskolaren errealitatea aztertzeko eskaera luzatzea Partzuergoari horretarako beharra ikusten baduzue. Gogoratu nahi dugu, onartze arauak ez direla alde sozialarekin negoziatzen.

Positibotzat jotzen ditugu hartutako konpromisoak. Hala ere, Lan Hitzarmena argitaratu gabe jarraitzen du eta honek hainbat prozesuen blokeoa dakarrela salatzen dugu, besteak beste, gizarte eta formazio funtsen deialdia eta urte sabatikoaren kudeaketa. LABetik lanean gaude, Lan Hitzarmena argitaratzean ahalik eta lasterren gauza daitezen.

LABetik, langile guztien eskubideen defentsan lanean jarraituko dugu eta beharrezkoak diren ekimen guztiak abiatuko ditugu hitzartutakoa bete dadin.

INFO-2026-06-12