EAEko Irakasleak: Desburokratizazio Batzordean emango diren urratsak langileei era argiagoan azaldu eta sindikatuekin adostea eskatu du LABek

73

Gaur, apirilak 22, Desburokratizazio Batzordea izan da Lakuan, ikasturteko bosgarrena. Ikasturteko azken txanpan sartu garen arren, oraindik lan burokratikoa arintzeko neurri zehatzik ez du proposatu Sailak. Horrez gain, langileei emango diren pausuen inguruko informazioa era argiagoan azaldu eta sindikatuokin adostea eskatu du LABek.

Iazko greba eta mobilizazioen aldarrikapenetako bat lan-zama arintzea izan zen. Horri erantzuteko, lan burokratikoa gutxitzeko batzordea eratzea adostu genuen sinatutako akordioan. Besteak beste, honakoa jasotzen da 26. artikuluan: “Irakasleen eguneroko lan-karga osagarria areagotzen duten izapide guztiak kendu, sinplifikatu eta berrantolatu egingo dira”.

Lan hori aurrera eramatzeko, Hezkuntza Sailak galdetegi bat egin eta partekatu zuen irakasleekin. Nahikoa ez zela iritzita, afiliatu eta parte hartu nahi izan zuten langileen iritziak kontuan hartuta, txosten bat osatu zuen LABek. Bertan, desburokratizazioan urratsak emateko egin beharreko lanak zerrendatu, arazo nabarmenenak aipatu, eta irtenbide batzuk proposatzen zituen. Txosten hori Hezkuntza Sailari helarazteaz gain, batzordeko bilera desberdinetan izan du aipagai LABek.

Martxo amaieran, Hezkuntza Sailak Desburokratizazio Batzordean planifikatuta zeuden zereginen zerrenda bidali zigun sindikatuoi, aurreko bileran aurkeztu zigutena. LABek, aipatutako txostena aintzat hartuta, zerrenda horretan falta diren lanak identifikatu ditu, bai eta planifikatuta dauden zereginekin egin nahi den lanketan ekarpenak egin ere; guzti hori txosten batean aurkeztu dio Hezkuntza Sailari.

Gaur, ordea, beste zeregin zerrenda bat aurkeztu du Sailak. Are gehiago, Sailak adierazi du aplikazio eta dokumentu desberdinak egoteak nahasmena sortzen duela, eta honenbestez, prozedura guztiak aplikazio batean biltzeko lanean dagoela.

LABek irakasleon lan-zama arintzea urgentziazkoa dela azpimarratu du. Horretarako, baina, desburokratizazioan aurrerapausu sendoak emateaz gain, behar-beharrezkoa da ikastetxeetan baliabide gehiago egotea, iazko greba eta mobilizazio dinamikan LABek lehentasun izan zituenak. Sailak Desburokratizazio batzordea baliabide gehiago eskatzeko lekua ez dela adierazi du.

Honenbestez, lan zama arintzeko, Hezkuntza Sailari sindikatuokin adostutako baliabideak aplikatu ditzan exijitzen dio LABek, besteak beste, Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu jaitsieragatiko behar adina baliabide emanez eta Bigarren Hezkuntzan gehienezko 17 irakastorduak errealak izateko baliabideak esleituz, edota HEZI+ edo antzeko proiektuak bere osotasunean irakastorduen barruan zenbatuz.

INFO-2026-04-22-1