EAEko Heziketa Berezia: LABek tinko dihardu Heziketa Bereziko langileen eskubideen defentsan

250

Gaur, apirilak 22, Lan Legepeko irakasle eta Hezitzaileen mahai negoziatzailea izan dugu eta, ondoren, 2025eko lan hitzarmeneko sinatzaileek (LAB, STEILAS eta UGT), administrazioarekin mahai parekidea izan dugu. Hauek dira landutako gaiak:

> LEKUALDATZE-LEHIAKETA

LAB Sindikatuak sinatutako Lan-Legepeko Irakasle eta Hezitzaileen Hitzarmen berriko 18. artikuluan lekualdatze lehiaketa arautzen da. Artikulu horren arabera: “Urtero, lekualdatze-lehiaketaren deialdia egingo da baina ez da berariaz ezartzen azken EPEan finkatu diren lan-kontratudun langileek lekualdatze-lehiaketan parte hartu ahal izango dutenik (espreski aipatzen ez delako).

Gauzak argitze aldera, lan hitzarmeneko sinatzaileek (LAB, STEILAS, UGT) Administrazioarekin batera, lan-hitzarmenaren 18. artikulua aldatzeko akordioa sinatu dugu. hau gehituz:

“Langile finkoek lekualdatze-lehiaketa guztietan parte hartu ahal izango dute, eta parte hartze hori ezin izango da mugatu bi urte igaro ez badira ere lekualdatze-lehiaketaren bidez lanpostu-berria lortu zutenetik edo hautaketa-prozesua gainditu eta langile finko zirenetik”. Hau da, finko izaera duten hezitzaile guztiek lekualdatze lehiaketan parte hartu ahal izango dute.

Akordio hau bihartik aurrera jarriko da indarrean.

> ADINAGATIKO MURRIZKETA

Dakizuenez, LABetik Hezkuntza sailarekin adinarengatiko murrizketa metatua gure kolektiboan ere ezartzea eskatu genuen.

Gaurko mahaian Sailak bi proposamen mahaigaineratu ditu baina bi proposamen horiek ez dute aurreikusten aurreko negoziazio eta ekarpenetan sindikatuak aldarrikatutako hiru aukerak eskaintzea langileak bere beharrizanetara hoberen egokitzen dena aukeratzeko.

Oraingoan ere berriro berretsi gara hiru aukera hauek eskuragarri izatearen beharrizanean eta berriro ere ekarpenak egingo ditugu langileek hiru aukerak izate aldera.

Hauek lirateke eskatu ditugun hiru metaketa motak:

  • Eguneroko arreta zuzeneko herenaren murrizketa (gaur egun daukaguna).
  • Urteko murrizketa (urte bakoitzean herena pilatu eta kurtsoa 4 hilabete lehenago amaitu).
  • Urteanitzeko murrizketa (erretiroa hartu aurretik disfrutatuko litzateke metatutako aldia).

Gaurkoan, Sailak gure proposamena kontuan izango duela adierazi du, negoziatzen jarraitzeko bidea zabalik dagoela onartuz. Datorren asterako proposamen zehatzak bidaliko ditugu LABetik.

> ORDEZKAGUNEAREN EGUNERATZEA

Ordezkapenetarako hautagaien zerrenden funtzionamenduari dagokion atalean aldaketa hauek adostu dira, eta guztia ondo bidean, hurrengo mahaian Lan hitzarmenaren aldaketa sinatuko da akordio bidez.

  • Irailak 1etik aurrera, kontratua sinadura digitalaren bidez jaso eta sinatuko da, Hezigunea plataformaren bidez.
  • “Babestutako egoera” ezartzen da (norberaen haurra 3 urte bete arte, nahitaezko eszendentzia, aldi baterako ezintasuna…) eta baremoari begira tarteak ezartzen dira.

Horrek esan nahi du, Ordezkagunean egoera babestua alegatu eta justifikatu duten langileek ez dutela eguneroko esleipenean parte hartu beharko. Puntuazioa lortzeko eta duten hurrenkeraren araberako tarteari dagokion batazbesteko puntuazioa eskuratuko dute baremazio aldian. Honek egoera babestuan dauden langileak beraien lanpostura ez inkorporatzeagatik gertatzen diren hutsuneak saihestuko ditu.

  • IKHAn (COCUn) edozein lurralde eta jardun motatako lanpostuak aukeratu ahalko dira birbaremazio garaian aukeratutakoa kontutan izan gabe.
  • Ordezkagunean edozein lurralde eta jardun motatako lanpostuak aukeratu ahalko dira, birbaremazio garaian aukeratutakoa nahitaezko esleipenetarako bakarrik kontutan hartuko da.
  • Irakasle moduan lan egiteko indarrean dagoen hezitzaile kontratu bati uko egiten dionak ezin izango du parte hartu Ordezkaguneko hezitzaileenkategorietako eskaintzetan ikasturtea amaitu arte.
  • Hezitzaile gisa lanean ari dela, hautagaiari Haurreskolak Partzuergoko Hezisarean plaza bat hartzen badu, ordura arte lan egiten zuen zentroari jakinarazi beharko dio bere lanpostuari uko egin diola.

Azken bi puntu horiei dagokionez, orain arte Hezkuntzako beste edozein zerrendetatik heziketa bereziko zerrendetara mugitzeko aukera zegoen inongo mugarik gabe baina eskolen plantilla egonkortze aldera, aldaketa hau ezartzea adostu da.

Funtzionamendu orokorraren salbuespena atalean aldaketa hau ezartzea erabaki da:

  • Hutsik dagoen lanpostu hutsa. Babestutako egoeran dauden ordezkogai guztiei esleitutako lanpostua gordetzen zaie, babestutako egoeran dauden denbora birbarematzen zaie eta behin babestutako egoera eragin duen arrazoia desagertu denean, esleitutako kontratua indarrean sartuko da.

Uko egiteak justifikatzeko prozedurako atalean aldaketa hau ezartzea erabaki da:

  • Orain arte justifikatu gabeko bi uko egin zitezkeen Ordezkagunean plaza baten esleipenduna izanez gero. Aldaketa honen ondorioz, behin bakarrik egin ahal izango zaio uko plaza bati lan hitzarmenean atal honi dagokion penalizaziorik gabe.

Ordezkaguneari dagozkion aldaketa hauek irailaren 1etik aurrera jarriko dira indarrean akordioa sinatuz gero.

LABetik beharrezkoak diren ekarpen guztiak egingo ditugu aurrera urratsak ematen jarraitzeko.

INFO-26-04-22