Bilboko udal eraikinetako garbitzaileen greba eskubidea ez urratzea eskatzen du LABek

104

Bilboko udal eraikinetako (Haurreskolak eta ikastetxeak tartean) garbitzaileen apirileko greba egunen harira hainbat gogoeta partekatu nahi ditu LABek.

FCCk azpikontratatutako UTE BIO Eraikigarbi enpresak soldata arrakala iraunarazten du, Bilboko udalaren konplizitatearekin. Garbiketako langileek hitzarmen propio bat negoziatzeko borroka hasi dute partzialitateari eta soldata baxuei aurre egiteko; soldata miserableekin ordaindutako 20 orduko lanaldiak gero eta ohikoagoak dira eta gainera, enpresa berdineko kale garbitzaileekin alderatuta % 80ko soldata arrakala dute.

Grebek eragin handia izan dute eta izaten jarraituko dutelakoan gaude; Haurreskola eta ikastetxeetan ez da ohiko garbiketa zerbitzurik izango. Honen aurrean, haurren ikasgela eta patio garbietan ikasteko eskubidea aitzakiatzat hartuta, hainbat hezitzaile eta irakaslek haien gain hartu dituzte lan horiek.

LABek argi adierazi nahi du horrelako jokabideek greba egin nahi duten langileen oinarrizko eskubidea urratzen dutela.

Garbiketa lanak soilik lan horietarako kontratatuta dauden langileek egin ditzakete, eta haien grebak ez errespetatzeak fokoa desbideratu eta grebaren eragina bera leuntzen du: langileek greba egiteak dakartzan ondorioak asumitzen dituzten bitartean Haurreskola eta ikastetxeak garbi mantentzen badira, prozesua luzatu besterik ez da egingo.

Greba deialdi guztietan bezala, Udalak haur, ikasle eta familien eskubideak errespetatu behar direla errepikatzen du greban dauden langileen argudioei erreparatu gabe.

Haur, ikasle zein irakasleek ikasgela eta patio garbietan ikasteko eskubidea dute noski, eta horretarako lan hori egiteaz arduratzen direnek baldintza duinak behar dituzte. Administrazioak ezartzen dituen gehiegizko zerbitzu minimoez gain lankideen greba eskubidea boikotatzeko asmo oro salatzen jarraituko dugu. Gatazka egon badago eta azaleratzea betebehar bat da, enpresa eta Udalari aurpegirik zuritu edo garbitu gabe.

Egoera horren aurrean, datozen egunetan irakasle eta hezitzaileei dei egiten diegu horrelako proposamenak onar ez ditzaten, greban dauden langileekiko elkartasuna erakutsi eta dituzten bitartekoekin hitzarmen propio eta duin baten alde lanean dabiltzan kideen greba babes dezaten. Era berean, Haurreskola eta ikastetxeak zikin egotearen arduradunak seinalatu eta hezitzaile, irakasle eta klaustroak animatu nahi ditugu Bilboko Udalari egoeraren ardura har dezan exiji diezaieten.

Guztiok osatzen dugu hezkuntza komunitatea, ikastetxeetako garbiketako langileak borrokan jarraitzen duten bitartean, zuen ondoan izango gaituzue.

INFO-2026-04-20