
LAB sindikatuak, azken urteetako borrokari jarraituz, Lanbide Heziketa eta Bigarren Hezkuntza euskalduntzeko urratsak ematen jarraitu nahi du. Honakoan, deia egin nahi diegu Lanbide Heziketako eta Bigarren Hezkuntzako Zuzendaritzei lanpostuen hizkuntza eskakizuna esleitzerakoan guztiek euskarazko 2. H. E. izan dezaten.
Urteetan Hezkuntza Sailak izan duen utzikeria salatu nahi du LABek, 1.H.E. duten plazak betikotzen jarraitzen du eta ez du konpromiso errealik hartzen urrats berriak emateko.
Lanpostuen Zerrenda (LPZ) osatzeko irizpideen Ebazpenean 4.5 eta 5.4 puntuetan jasotakoaren arabera, zuzendaritzek horrela erabakiz gero jaberik ez duten 1.H.E.-ko lanpostuak 2.H.E.-ra pasatzeko aukera dago, nahiz eta irakasgaiak euskaraz ez izan.
Horregatik Zuzendaritzak lanpostuak euskalduntzera animatu nahi ditugu. Izan ere, LPZn 2.H.E.-rekin ez dauden lanpostuak 1.H.E.-rekin gelditzen dira ikasturte osorako, guztiz baldintzatuz Berratxikipen prozesua zein Lekualdatze Lehiaketa. Horrek guztiak eragin zuzena du ikastetxe zehatz batzuen egoeran: 2.H.E.-ik gabeko lanpostuak ez direnez eskaintzen, Karrerako Funtzionarioek ez dute bertara joateko aukerarik, eta ondorioz egonkortasun maila baxua da. Era berean, euskarazko ikasketak eskaintzeko zailtasunak sortzen ditu.
Hezkuntza Saila eta Zuzendaritzen betebeharra da, ikastetxeak euskalduntzeko planak egin eta euskarazko lanpostu eta hezkuntza eskaintza sustatzea.
Gaur, zuzendaritza guztiei gutuna helaraziko diegu lanpostuak euskalduntzeko gonbitea eginez, eta prozesu hori aurrera eramateko laguntza eskainiz.
Bestalde, hurrengo asteetan ikastetxeetan asanbladak egingo ditugu langileak informatu eta prozesuan lagun dezaten.
Guztion artean lortuko dugu lanpostuak euskalduntzea!


