EAEko Irakasleak: HEZI+ horrela ez! Akordioa bete! mobilizazioa eta sinaduren aurkezpena Lakuan

65

HEZI+ horrela ez! Akordioa bete!

Gaur, martxoak 5, mobilizazioa egin dugu STEILAS, LAB eta CCOO irakaskuntza sindikatuok Bigarren hezkuntzako ikastetxeetako irakasleekin batera; izan ere, gaur dute bigarren hezkuntzako ikastetxeek Hezi+ proiektuaren inguruan erabakia hartzeko azken eguna. Otsailaren 5ean eta urtarrilaren 30ean ere mobilizatu ginen eta sinadura bilketa bat burutu dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako institutu eta IPIetan.

Modu horretan, gure kezka eta desadostasuna adierazi dugu HEZI+ proiektuaren planteamendu berriek dakartzaten ondorioengatik, ikuspegi pedagogikotik, antolakuntzatik eta, bereziki, irakasleen lan-baldintzetan izango duten eraginagatik. Ikasleei eskaintzen zaizkien baliabide gehigarriak ezin dira langileen lan-baldintzak urratuz ezarri.

STEILAS, LAB eta CCOO irakaskuntza sindikatuok bildutako informazioaren arabera, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko gehien-gehienek haserrea eta desadostasuna adierazi dute, eta horietako askotan, klaustroek planto egin dute Hezkuntza Sailak aldebakarrez inposatu nahi duen Hezi+ programaren aurrean.

Sindikatu, zuzendaritza eta irakasleen presioari esker, Sailak birritan atzeratu behar izan du proiektuarekin bat egin ala ez erabakitzeko data, baita ñabardurak egin ere proiektuari; hala ere, hiru sindikatuok ez dugu ontzat ematen proposatutakoa eta Hezi+ adostua izateko eskaeran berresten gara. Horrekin batera, sinadura bilketan jasotako 2.000 sinadurak helarazi dizkiogu Hezkuntza Sailari.

Agerikoa da irtenbidea ez dela proiektu desberdinak aldebakarrez aplikatzea. Hezkuntza Sailari xantaia-logikak eta inposizio jarrerak albo batera uzteko eta HEZI+ ebazpenaren inguruko negoziazio prozesua irekitzeko eskatzen diogu, proiektuaren edukiak, helburuak eta baldintzak sindikatuekin adostu ahal izateko, betiere 252/2025 Dekretua errespetatuz. Izan ere, akordio hori ez betetzeak ondorio legalak baititu.

STEILAS, LAB eta CCOO irakaskuntza sindikatuok HEZI+ adostu baten alde egiten dugu, hori izango baita hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea bermatuko duena, lan-baldintzak errespetatuko dituena eta hezkuntza publikorako beharrezkoak diren baliabide nahikoak oinarri izango dituena.

STEILAS, LAB eta CCOO irakaskuntza sindikatuok ondoko eskaerak egiten dizkiogu Hezkuntza Sailari HEZI+ ebazpen berria adosteko:

1.He-Indartuz ordu kopurua handitu eta zehaztea, ikastordu izaera bermatzea eta proposamena ikastetxe eta ikasleen beharretara egokitzea.

2.He-Hobetuz neurrian eskainiko diren jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak handitzea eta ikastordu izaera bermatzea (17 ordu gehienez).

3.He-Aberastuz: irakastorduak eta jarduerak bermatzeko baliabidez hornitu.

4.Bidelaguna eta Hezi+ proiektuak bateragarriak izatea, He-Aberastuz neurrian agertzen den finantzaketaz baliatuz.

252/2025 Dekretuaren 85. artikuluan jasotzen dituen eskumenak baliatuz, beste behin ere, bilera eskaera egin dugu eta adostutako data atzeratu duten arren, datorren astean bilera batera deituak izan gara. Borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak lan-baldintzak errespetatuko dituen eta hezkuntza publikorako beharrezkoak diren baliabide nahikoak oinarri izango dituen HEZI+ proposatu arte, baita 2025eko maiatzean sinatutako akordioa osotasunean betetzeko ere.

HEZI+ HORRELA EZ! AKORDIOA BETE!

> Argazki galeria:

PO-HEZI_Martxoak-5