Hezkuntza Sailak abenduaren 17an lekualdatze-lehiaketari begira ireki zuen prozesuan, besteak beste, 1. hizkuntz eskakizuneko lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen.
Zentzu horretan, Lanpostu Zerrendan (LPZn) dauden lanpostu guztiak ez eskaintzeko aukeraz gain, 2.hizkuntza eskakizuna duten karrerako funtzionario diren langileekiko diskriminatzailea den neurri bati bide ematen dio sailak. Izan ere, lanpostu horiek eskolak euskaraz emateko hizkuntza eskakizuna ez duten langileei esleitu ahal izango zaizkie lehentasunez.
Horregatik, lanpostu guztiek hizkuntz eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea exijitzeaz gain, euskara planak garatzea ezinbesteko direla aldarrikatzen du LABek langile publiko guztiak euskalduntzeko.
Bestalde, euskalduntzen ez duten ereduen eskaintza medio, ikasle askori euskaraz ikasteko eskubidea eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatzen zaiela salatu nahi du LABek.
Izan ere, EAJk, PSEri men eginez, 2023ko abenduaren 22an onartutako Hezkuntza legearen bitartez hizkuntza ereduak gaindituko zuen euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas-eredu orokortua ezartzeari uko egin eta euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak iraunarazi zituen; hainbat ikastetxe publikotan D ereduaz gain, B eta A ereduak eskaintzen jarraitzen delarik.
Egoera hori Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan okertzen da eta Lanbide Heziketako zikloak dira egoera lazgarriena jasaten dutenak; hain zuzen ere, matrikulazioen %25 soilik izanda D ereduan. Are gehiago, ikasketa mailetan gora egiten den heinean A eta B ereduen eskaintzak ere nabarmen egiten du gora. Beraz, nekez berma daiteke legean jasotzen dena: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean B2 maila eskuratu behar dutela ikasle guztiek.
Hezkuntza publikoan, gainontzeko zerbitzu publikoetan bezala (osasuna, zaintza, justizia, garraioa, administrazioarekin harremanakā¦) euskaraz jasotzeko eta bertan euskaraz lan egiteko eskubidea ez dagoela bermatuta agerikoa da. Beraz, euskarak eta euskalduntzeak beharrezko dituzten berme legalak lortzeko ezinbestekoa izango da mobilizazio soziala eta langileen aktibazioa, eta horretan buru-belarri dihardu LABek. Besteak beste, ikasturte honetan, irailaren 18an zein urriaren 2an mobilizazioak burutu zituen LABek, eta abenduaren 16 eta 17an ELA eta STEILASekin batera mobilizatu zen.
LABek euskal langileriari dei egiten dio euskararen alde eta hizkuntza eskubideen alde aktibatzera eta eragitera, baita ikasturte honetan euskararen alde deituko diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera ere.
INFO-2026-01-07


