EAEko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen beharrak kontuan hartuko dituen lan hitzarmenaren alde lan egingo du LABek

427

Gaur Bilbo eta Donostiako Jaurlaritzaren ordezkaritzetan elkarretaratzeak egin ditugu EAEko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen lan hitzarmenaren negoziazioa seriotasunez har dezaten eskatzeko. Egun indarrean dugun Sukaldari eta Garbitzaileen lan hitzarmena 2009koa da.  Data horretatik hona, ikastetxeetako errealitatea zeharo aldatu da eta egoerari egokitzen zaion hitzarmena behar dugu.

Beste aldetik, agerian utzi nahi izan dugu Administrazio publikotik kategoria baxuenean dagoen kolektiboa dela hau; beste esparru batzuetan, gainera, funtzio berdinekin beste kategoria batean kokatuta dagoena.

2018an, Irakaskuntzako gainontzeko kolektiboekin batera hainbat greba eta mobilizazio dinamika luzearen ondoren, akordioa sinatu genuen. Horretan, aurrerapauso nabarmenak lortu ziren kolektiborako eta lan hitzarmen berria negoziatzeko oinarria jarri zen. Hala ere, salatu behar dugu kolektibo hauetan akordioan sinatutako ordezkapenen puntua ez dela betetzen ari, esaterako ordezkapenak ez baitira egiten ari.

Ikasturte honetan hezkuntza publikoan lan hitzarmen berrien negoziazioa abiatu da EAEn,  Irakasleena, hezkuntza laguntza espezialistena eta Haurreskolak Partzuergoarena. Behin eta berriz eskatu ostean, lehengo mahaia  astelehenerako, hilak 10, deitu dute, azkenak gara eta ez da kasualitatea!,  Kolektibo feminizatuena gara; bataz besteko adina oso altua duena. Halaber, pandemia garaian oinarrizko zerbitzua izendatu gaituzte eta greba egunetan %100eko gehiegizko zerbitzu minimoak dituen kolektibo bakarra izan gara. Akaso Hezkuntza Sailak zerbitzuetako pribatizazioan sakontzea du helburu?

LABek lan hitzarmen berria behar dugula argi du, urteetan aldarrikatzen ari garen gaiak landu eta negoziatu behar dira, besteak beste:

  • Kolektiboaren aitortza
  • Urteetan eman den zerbitzu hauen pribatizazioarekin bukatu 
  • Langileen egonkortasuna eta kontsolidazio prozesua.
  • Kolektiboetako funtzioak definitu eta aitortu
  • Metrajeak eta ratioak jaitsi
  • Jubilazio pizgarriak behar ditugu.
  • Langileen formazioa eta kolektiboaren euskalduntzea
  • Lanpostuen balorazioak, gaixotasunak eta istripuak saihestea, lanpostuen egokitzapena

Gauzak horrela, LAB sindikatuak kolektibo hauen beharretara egokitutako lan hitzarmen duina lortzeko bidea egingo du, langileen ekarpenak jaso eta mahaietara eramanez.