Ikastolak EAE: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lan hitzarmen mahaia bildu da eszedente eta beharren prozeduraz informatzeko

488

Ia amaituta dagoen prozesu honetan langileen lanpostu guztiak bermatu dira

Uztailaren 9an bilera egin du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako Negoziazio Mahaiak. Bi gai aipatu dira hurrenez hurren. Batetik, apirilean abian jarritako eszedente eta beharren prozeduraren berri ematea eta bestetik, Hezkuntza Saileko ordezkariekin izandako bileretan landutako gaiez informatzea.

Eszedente eta beharren prozedurari dagokionean, LAB sindikatuak beti adierazi du, prozedura honek duen garrantzia eta balioa lanpostuak bermatu ahal izateko eta kaleratzeak ekiditeko. Horregatik, orain arte bezala, ikastola guztiek prozedura ongi egiten dutela bermatzeko lan egin dugu.

Arestian aipatutakoa aintzat hartuz, prozedurari lotutako bilera ezberdinak egin izan dira eta egon den egoera kudeatu da. Honela, eszedente eta beharren prozedura ia amaitua dagoen honetan, eszedente batzuk jatorrizko ikastoletan kokatuta eta beste hiru kasutan, beharrak dituzten ikastoletan, hurrengo ikasturteari hasiera emango zaio langile guztien lanpostuak bermatuta.

Honi gehitu behar diogu, beste behin ere Erkidegoko eta Nafarroa garaiko Ikastoletan egon diren behar eta eszedenteak partekatu direla, LABek eskatu bezala, prozesuari izaera eta ikuskera nazionala emateko bokazioz.

Izan ere, Ipar aldeko ikastolak egun batean prozedura honetan barnebiltzeko anbizioz lanean jarraituko dugu, diren oztopo administratiboak gainditu nahian.

Bestalde, Ikastolan Elkarteak Hezkuntza Sailarekin izandako bileren berri ekarri du mahaira. Bilera hauek izaera teknikoa izan dutela adierazi dute Mahaian, antzinatasun aferei eta gazte berritzearen inguruko gaiei buruz hitz egiteko, hain zuzen ere. Hezkuntza Sailaren aldetik, gaia lantzeko prestutasunaz gain, beste inongo erantzunik gaur gaurkoz ez dago.

Horrez gain, mahaian gogoratu dute Ikastolen Elkarteak eta EIBek, parekatzearen bidean, 2027 arte eman beharreko urratsak jasoak ditu akordioak.

LABek, lanean jarraituko du irmoki langileen lan baldintzen defentsan, akordioetan jasota dagoena bete dadin.

INFO_2025-07-11-2