LABĀ irakaskuntzatik gogor salatu nahi dugu EAEko Hezkuntza Sailak aldebakarrez LEPari buruz erabaki dituen datak eta prozedura, baita konfinatuta daudenen parte hartzerako bermerik gabe egingo dela ere. Gaur, premiazko bilera batean, sindikatuoi ezagutzera eman ditu azterketen egunak, prentsan argitaratzen ziren aldi berean.
Hezkuntza Sailak erabakitakoaren arabera, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako LEParen data berriak hauexek dira:
- Idatzizko froga ekainaren 19an eta ekainaren 20an egingo da.
- Ahozko froga irailaren 6tik aurrera izango litzateke.
Horretaz gainera, prozesu osoa garatu ahal izateko epai-mahaikideen liberazioa mantenduko da 2021-2022 ikasturte hasieran, hau da, pertsona horiek ez dira ikastetxean hasiko zuzenketekin amaitu arte. Ondorioz, egonkortasuna Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan 2023-2024 ikasturtera arte atzeratuko da.
Gainera, Nafarroa Garaian ez bezala, zeharo diskriminatzailea den neurria hartu dute EAEko agintariek: COVID-19agatik konfinatutakoek EZ dute aukerarik izango frogak beste data batean egiteko.
Honen guztiaren aurrean LAB Irakaskuntzaren jarrera hau da:
- LEP eredua agortua dagoenaren beste sintoma bat besterik ez da egoera hau. Zozketa baten menpeko froga idatzian oinarritzen da funtzionario izateko baldintzak betetzen ditugun ala ez erabakitzea. Kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta pedagogia aktiboak bultzatzen dituena nahi badugu geure herrirako, hau ez da bidea!
- Ez da bidezkoa langileak horrela tratatzea! COVID-19agatik konfinatuta egongo direnei beste inolako aukerarik ez ematea diskriminatzailea dela deritzogu, eta gure arlo juridikoarekin aztertuko dugu.
Gainera, milaka langilek, pandemiaz gain, Hezkuntza Sailak LEParen inguruan sortutako ziurgabetasuna pairatuĀ behar izan dute: urtebeteko atzerapena nahikoa ez eta orain, uda osoa ere pasa beharko da froga idatziaren eta ahozko defentsaren artean. Azkenik, epai-mahaietako irakasleak ikasturte bukaeran eta hurrengoaren hasieran ikastetxeetatik kanpo uzteak, maila pertsonalean eragiteaz gain, hankaz-gora jarriko du ikastetxeen ohiko funtzionamendua.
- Hezkuntzako langileen egonkortasuna bermatzea lehentasunezkoa da ikastetxe publikoetan hezkuntza egitasmo sendoak garatu ahal izateko. Agindu txapuzero horiekin, arazoa da egonkortzen den bakarra.
Inoiz baino arrazoi gehiago Zerbitzu Publikoen eta bertako langileen egonkortasunaren alde apirilaren 22an grebara ateratzeko!
LAB Irakaskuntzatik kaltetutako langile guztiekiko elkartasuna adierazi nahi dugu eta jakinarazi Hezkuntza Departamentuak hartutako neurri bidegabe guztien aurka egingo dugula.
lep-2020-1