LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek EAEko hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta garbiketako kolektiboetan greba dinamikarekin aurrera egingo dute

1529

Joan den abenduaren 16an LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek iragarritako greba-zikloak Hezkuntza Saila hitzarmen berrietarako proposamenak mahai gainean jartzera behartu du. Hala ere, hitzarmen horiek aldarrikatutako edukietatik urrun daudela ziurtatu dute sindikatuek, bai sukalde eta garbiketako kolektiboarenak, bai irakasleenak ere. Beraz, kalitatezko hezkuntzaren bidean Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetu, sare publikoa erdigunean jarri, indartu eta inbertsio publikoa handitu dezan eskatzeko, urtarrila eta otsailean zehar egindako 4 greba egunek eta mobilizazio arrakastatsuek segida izango dute beste 5 greba egunekin, martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 1 eta 2an.

Indarrean dagoen sukalde eta garbitzaileen lan hitzarmena 2009koa eta irakasleena 2010ekoa izanik, urtarrileko eta otsaileko mobilizazioetan langileek argi eta garbi adierazi zioten Hezkuntza Sailari hitzarmen horiek orain eta hemen negoziatzeko beharra, benetako edukiak mahai gainean jarriz. Sailak komunikabideen aurrean negoziatzeko atea irekita duela esan du, hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia duen bitartean, negoziazioa etengabe luzatzen duenean edo gatazka desitxuratzen saiatzen denean.

Badira sukalde eta garbitzaile eta irakasleen aldarrikapenetan bat egiten duten puntuak: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.

Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eta baita azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea ere.

Esan moduan, adierazitako aldarrikapenak lortzeko egiazko negoziazioa gauzatzea dute helburu eta argi dute langileon mobilizazioekin batera Hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dutela. Beraz, martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 1 eta 2an grebara deitu dituzte Hezkuntza publikoko irakasle zein sukalde eta garbiketako kolektiboak.

Denok grebara! Denok kalera!

· Argazki galeria:

Prentsa-oharra_Martxoak-12_ELEBI