Nafarroako Parlamentuak sexuagatik segregatzen duten ikastetxeak ez finantzatzeko harturiko erabakia txalotu eta PNV/PSE-EEk EAEn duten jarrera baztertzaile eta matxista salatzen dugu

486

Nafarroako Parlamentuak sexuagatik segregatzen duten ikastetxeak diruz-laguntzeari uzteko mozioa onartu da NA+ren kontrako bozka bakarrarekin. Gasteizko Parlamentuan proposamen berdina eztabaidatu eta ez du aurrera egin, PNV eta PSE-EEk baztertzaileak diren ikastetxeak finantziatzen jarraituko dutela adierazi ondoren.

Egun, Jaurlaritzak 13 miloi euroz laguntzen ditu EAEn dauden sei eskola segregatzaileak. Berdintasunaren alde daudela esan eta sexuagatik baztertzen duten ikastetxeak diruz laguntzen jarraitzea onartezina d,. Are gehiago, Jaurlaritzako alderdi politikoek, PNVk eta PSE-EEk hori defendatzea. Gasteizeko eztabaidan PNVko parlamentariak ukatu egin du eskola horiek baztertzaileak direnik.

Oso agerian geratzen da PNV eta PSE-EE ez daudela Euskal Herrian mugimendu feministatik aldarrikatu diren oinarrizko eskubide eta neurriak betetzeko prest. Sexu-genero zapalkuntzaren ikur diren ikastetxeak diru publikoarekin finantziatzen jarraitzearen alde agertu dira. Gaur diru publikoz  ikastetxe horiek finantziatu eta astelehenean ekitaldi instituzionaletan berdintasunaren aldeko adierazpenak irakurriko dituzte, hezkidetzaren alde daudela esatera ausartuko dira, haien politika hutsalak justifikatzeko antzerkiak eginez.

Nafarroako Parlamentuak emandako urratsa txalotzearekin batera, EAEn politika matxista eta anti-feminista hauek tinko salatuko ditugula adierazi nahi dugu. Horrekin batera, pedagogia feministan urratsak emateko borrokarekin jarraituko dugu, sexuagatik segregatzen ez duten ikastetxeak izatetik harago, era integralean feminismoan hezten duten ikastetxeak nahi ditugulako Euskal Herrian. Aurrean izango gaituzue!