Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan LAB sindikatutik bi erronka nagusi ezarri ditugu hemendik eta ikasturtea amaitu arte: Lan Hitzarmen berriaren edukiak atalez atal negoziatzea eta hurrengo ikasturtera begira egon daitezkeen eszedente guztien birkokapena gauzatzea.
Gaur, otsailak 26, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako Lan Hitzarmeneko Mahaia bildu da. Bertan Ikastolen Elkarteak eta EIBk sindikatuek aurkeztutako eskaera plataformei lehen erantzuna eman diete.
LABetik aldarrikatzen dugun soldata homologazioarekin bat datozela adierazi dute ikastoletako titularrek. Soldata homologazioaren bidean, ikastolek gaurko mahaian euren kabuz lehenengo urratsa emateko prest daudela adierazi dute, 2021ean kategoria guztietan administraziotik etorriko den igoeratik gorako altxaketa emanez. LABetik erabateko soldata homologazioa lortzeko, administrazioa interpelatzen jarraituko dugu.
LAB sindikatuaren iritziz, gaurko mahaian adierazitako borondate horrek Lan Hitzarmen berri bat negoziatzeko baldintza eta oinarri egokiak ezartzen ditu. Horregatik hurrengo asteetan ikastoletako ordezkariekin plataformako bestelako edukiez mintzatzen hasiko gara, orain arte egin dugun bezala adostasun zabaletara heltzeko gure borondate irmoarekin.
Gaurko Lan Hitzarmeneko Mahaian jorratu den beste gai garrantzitsua matrikulazioena izan da. Covid 19ak eragin duen salbuespen egoerak jada maldan behera zegoen jaiotza tasaren beherakada areagotu du, horrek Euskal Herriko ikastetxe guztien matrikulazioetan eragin nabaria eduki duelarik.
Egoera honek sortzen duen kezka nagusietako bat lanpostuen mantentzea da. LAB sindikatuarentzat datorren hilabeteetako zeregin garrantzitsuenetarikoa, eszedenteak egon daitezkeen kasuetan berauen birkokapena gauzatzea izango da .
LAB, Ikastolen Elkarteak eta EIBk, aurten ere, gure Lan Hitzarmenak jasotzen duen bezala, ikastoletako langile finko guztien lanpostuak mantentzeko konpromisoa berretsi dugu. Horretarako datozen asteetan ikastoletara eszedente eta beharren txantiloia helaraziko dugula adostu dugu, egon daitezkeen eszedenteen birkokapenei buru-belarri ekiteko.
LAB ikastoletako langileen lan baldintza duinen alde borrokan !!!