Hamarnaka pertsona mobilizatu gara gaur Donostian, Zarautzen, Oreretan, Arrasaten, Durangon, Igorren eta Gasteizen.
Ikasturte hasieratik LABek mobilizazioak burutu ditu hezkuntza publikoa indartu eta inbertsioa handitzeko eskatuz. Izan ere, baliabideez hornitu, azpiegiturak berritu eta lan hitzarmenak hobetzea eskatzen ari gara. Interisndikala deitu eta aktibatuko genuela esan genuen eta STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuekin batera hezkuntza publikoan diharduten Sukalde eta Garbiketako eta Haurreskolak Partzuergoko langileen zein irakasleen lan baldintzak hobetu eta kalitatezko hezkuntza izateko helburuz mobilizazioetara jo dugu batasun sindikalean. Gaur eta bihar, Hezkuntza saileko sukalde eta garbiketako langileen greba egunak dira, kolektibo ezikusia, feminizatuena eta lan baldintza prekarioenak dituena.
Heziketa bereziko hezitzaileak deialditik kanpo geratu dira 20 urteren ostean lan hitzarmena sinatu genuelako abenduan, greba deialdien bezperan. Beste behin ere, edukiak daudenean akordioetara heltzeko prest gaudela erakutsi dugu, 2023ko ekainean hezkuntza legearen testuinguruan egindako greben ondorioz akordio laboralean sinatu genituen edukiak eta beste eduki garrantzitsu batzuk mahaira ekarri dituenean. Beraz, Pedrosa Sailburuak greba zikloaren iragarpena harriduraz hartu duela dionean, errealitatea ikustatzen ari da, ondotxo baitaki akordioetara heltzeko prest gaudela edukiak daudenean.
Izan ere, LABek argi du langileon lan baldintzak hobetzeak zerbitzua hobetzea dakarrela bere horretan. Langileoi ezinezkoa zaigu kalitatezko hezkuntza eskaintzea eguneroko lan zamek itotzen gaituzten bitartean, besteak beste: Sukalde eta Garbiketan funtzioen zehaztasun eza, gehiegizko metraje eta ratioak, azken urteetan irakasleetan gehiagora egin dute lan burokratikoek edota ikasleen beharrei erantzuten ez dieten formakuntzak; edota Haurreskoletan urteko zein eguneko jardun luzeegia eta kudeaketa alorrean dauden baliabide exkaxak.
Era berean, baliabide pertsonalez eta materialez hornitu behar da hezkuntza publikoa egun jendarte bezala ditugun erronkei erantzuteko. Izan ere, egun aniztasunean jarrita dugun arretari erantzuteko edo gure hizkuntzak eta kulturak bizi duen egoerari aurre egin ahal izateko ezinbestekoak ditugu baliabide berriak zein formakuntza edota plan zehatzak. Azpiegiturak berritu behar dira eta lan baldintza prekarioenak dituzten kolektibo feminizatuak lehen lerrora ekarri.
Hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa handitzea eskatzen dugu LABetik, eskola publikoa sistemaren ardatza izan dadin. Hezkuntza Saila aldebakarrez hartzen ari den erabaki zein neurriek lanpostuen galera, eskola publikoen itxiera eta D ereduko ikaspostuak galtzea ekarriko du eta LAB parean izango du, hezkuntza komunitatearekin prozesu adostuak eta gardenak izan arte.
Beraz, LABek argi du ezinbestekoa dela borroka egitea hezkuntza komunitateko langileen baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoan neurriak lortu daitezen. Kalitatezko hezkuntza publikoa helburu Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean. Sare publiko bakar deszentralizatuan antolaturiko hezkuntza-sistema burujabea eraikitzeko. Doakotasunean, Euskalduntzean eta Euskal Curriculumean, inklusioan eta aniztasunean, pedagogia feministan, laikotasunean, kritikotasunean eta langileon lan-baldintza duinetan oinarriturik egongo dena.
LAB-U30_Irakurketa