LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du. 1.500 haur hezitzaile eta kudeaketa alorreko langileak daude gaurko grebara deituak. Hala ere, salatzekoa da, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak direla eta hamarnaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela; batez ere Haurreskola txikietako haur hezitzaileei, eta ondorioz, greba bera baldintzatua geratzen dela.
Bestalde, aipatu behar dugu atzo arratsaldean greba zikloa bertan behera uzteko saiakera egin zuela Hezkuntza Sailak, orain arte mahai gainean egon diren edukiak txertatuta zituen aurreakordio proposamena ekarriaz bat batean deitutako mahai negoziatzaile batera.
Aipagarria da hainbat eta hainbat haurreskolek %100ean greba babestu izana, esaterako:
· Araba: Gurutzmendi, Landaberde, Mariturri, Katagorri eta Bernedo,
· Bizkaia: Mungia, Portugalete, Zaldibar, Bilboko Deustu eta Sanchez Marcos.
· Gipuzkoa: Urretxu-Zumarraga, Hernani, Lasarte, Deba eta Donostiako Bidebieta eta Ategorritxo.
Grebaren arrakastaren adibide garbia da Eibarren “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako manifestazioan ehunka langile elkartu izana.
Hezkuntza Sail berria dugu, eta honekin batera, Zuzendaritza Batzorde berritua. Baina azken urteetako jokamolde berbera dute, Haurreskolak Partzuergoaren langileon lan baldintzak arautzen dituen 2009ko lan hitzarmena berritzeko eduki nahikorik gabeko mahaiak deitu eta etengabe luzatzen dituztelarik.
Greba hauetako aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak mahai gaineratzeko eskatu diegu gaur sindikatuek, besteak beste; Lan zamak arindu, gazteberritze plana negoziatu eta adostea, Erosahalmena berreskuratu, enplegua egonkortu eta bermatzea, ordezkoen lan baldintzak eta langile guztion, lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan Osasuna, berdintasun eta euskara planak garatzea.
Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar ere greba eguna dugu Haurreskolak Partzuergoan eta Kontzentrazioak burutuko ditugu EAEko hiru hiriburuetako Hezkuntza ordezkaritzetan, goizeko 11:30ean.
Argazki galeria: