LABek ordezkoen zerrendak zuzentzeko, desgaitasun txandako lanpostuak nola esleitu diren argitzeko eta prozesuari uko egiteko prozedura zehazteko eskatu du.
Abenduaren 12an LEP merezimendu lehiaketan lanpostua lortu dutenen behin-behineko zerrenda argitaratu zuen hezkuntza Sailak. Kolektibo guztietan aurreikusten ziren lanpostu guztiak esleitu dira. LABetik prozesu hau informazio eskasarekin gauzatzen ari dela salatu dugu eta erantzule bakarra hezkuntza saila izan dela argi adierazi nahi dugu.
Hasieratik LABetik kritikoak izan gara prozesu honekin, meritu lehiaketaren oinarriak ez genituen babestu hauek negoziatzeko borondate eskasa egon zelako. Gerora etorri zen legeak markatzen duen azken eguneraino ebazpena atzeratzearen erabakia eta irailaren 1ean finkotasunak indarrean sartzearen erabakiarekin ere oso kritiko agertu ginen. Kontziente ginen, finkotasuna atzeratzeak langileen lan baldintzetan eragin negatiboa duela.
Dakizuenez ere, lehiaketara jardun erdiko bi lanpostu atera dira, lanpostu hauek sententzia bidezko lanpostu mugagabeak dira. Sindikatu batek epaitegietan salatu zituen eta epaileak izaera hori aitortu zien. Sententzia hau dela eta, lanpostu hauek nahitaez lehiaketara atera behar izan dira.
Oraingo egoerara etorrita, hainbat akats edo hutsune antzeman ditugu behin behineko lanpostuen esleipenean; besteak beste, ordezkoen zerrenda bakarra argitaratu dute puntuazioa zehaztu gabe. Hori dela eta, ordezko zerrendako hautagai bakoitzari dagokion puntuazioekin (hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetarako eta ez dutenetarako) argitaratzea eskatu dugu.
Azkenengo mahai negoziatzailean LABek hainbat informazio publiko egitea ere eskatu zuen. Behin-behineko esleipenarekin batera “ohiko galderen” dokumentu honetan argitaratu ditu hezkuntza sailak.
Bertan, besteen artean, esleitutako lanpostuari uko egiteko aukera dagoeneko irekita dagoela adierazten da. Uko egite hauek, behin-betiko zerrenda argitaratu aurretik egiten badira, behin-betiko zerrendan eragina izango dute. Hau da, esleipena berriro egingo da bakoitzaren aukeraketa kontuan hartuta. Uko egiteko, erreklamazioak egiteko bide bera erabili daiteke, hezigunearen bitartez. Hala ere, tramitagunearen bidez ere uko egiteko aukera badago. Lanpostuari uko egiterakoan prozesu osoari uko egiten zaio.
Oroitarazten dizuegu esleipenari dagokion erreklamazioak egiteko garaia abenduaren 19ra arte zabalik dagoela.