Berme guztiko itzulera-plana Heziketa Bereziarentzat

483
[EAE, Heziketa Berezia]

Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak ostegunean, maiatzak 7, egindako agerraldian agerian geratu zen berriro ere, heziketa berezia bigarren mailako hezkuntzatzat duela administrazioak. Krisi hau hasi zenetik, behin eta berriz ikusi dugu Hezkuntza Sailak aldebakarrez funtzionatzen duela eta jarraibideak komunikatzen dituenean ez duela eskola komunitate osoa kontuan hartzen.

Lehenengo aldia, martxoaren 13a izan zen ikastetxeak ixtearekin batera. Hezkuntza Sailak irakasleentzako jarraibideak argitaratu zituenean, eskoletan irakasleak ez diren beste profesional batzuk gaudela ahaztu zitzaien hezkuntzako arduradunei. Sukaldari-garbitzaileek eta heziketa bereziko hezitzaileek 3 egun gehiago itxaron behar izan genituen guri zegozkigun jarraibideak argitaratu arte.

Hurrengoa ordezkapenen inguruan izan zen. Kostata baina, azkenean departamentuak irakasleen ordezkapenak betetzeko konpromisoa hartu zuen, baita heziketa berezikoak ere. Gaur gaurkoz, ordea, heziketa berezikoordezkapenak ez dira betetzen ari, hezitzaile langabetuengan kalteak eraginez. Zuzendarien esku utzi dute bajak kubritzea eskatzea ala ez. Antza, hezitzaileen lana zaintza hutsarekin lotzen dute, ikasleekin hartu-emanik izango ez bagenu bezala.

Eta azkena, ostegunekoa. Maiatzaren 18tik aurrera, ikasleak ikastetxeetara bueltatuko direla jakin izan genuen. Hasieran, Batxilergoko 2. Mailakoak eta lanbide heziketakoak; aurrerago, DBHkoak. Deseskalatze-fase horiek azaldu eta gero, berriz, Hezkuntza Sailaren oharrak honakoa esaten zuen: “Maiatzaren 25etik aurrera, familiek Hezkuntza Bereziko ikastetxeak eta gela terapeutikoak izango dituzte eskura”. Zer esan nahi du horrek? Familien eskura egongo dira gela terapeutikoak eta heziketa bereziko ikastetxeak?. Administrazioak zentro hauek aparkalekutzat jotzen duela argi dago; 0-3 etapan bezala, gela hauek irekitzeak ikuspegi ekonomizista eta produktiboari erantzuten dio soilik. Bada garaia behingoz Hezkuntza Sailak heziketa bereziko langileen lan hezitzailea aitortzeko. Izan ere lana, zaintza asistentzialaz haratago doa. Kontziliaziorako neurri integralak behar ditugu.

Beste aldetik, zehaztu gabe dago zein baldintzatan izango da lanera itzultzea, ezta zein babes neurriak hartuko diren. Futboleko profesionalei bezala, testak egingo dizkigute? Hezitzaileok lan egiten dugun kolektiboarekin, askotan oso zaila izango da babes neurriak mantentzea. Horretan pentsatu al du Cristina Uriarte andereak? Uste dugu ezetz, eta argi eta garbi esaten dugu heziketa bereziarentzat adostutako prebentzio plan espezifiko bat gabe,  planto egingo dugula, eta ez garela ikastetxeetara bueltatuko.