2023/2024 ikasturtean Hezkuntza Sailak aldebakarrez egindako aldaketen harira
Ikasturte honetan zehar hainbat aldaketa izan dira kontratu amaiera bakoitzari dagokionean, eta horrek orain arteko udako kobraketan aldaketak ekarri ditu. Akordio arautzailean (lan hitzarmenean) jasota dagoena eta 2010etik indarrean egon dena Hezkuntza Sailak aldebakarrez aldatu du, honek ordezkapenak egiten dituzten langileen egoera kaltetuz.
Ordezkoak diren langileek 165 egun edo gehiago lan egitean, aurreko ikasturteetan ez bezala, uztaileko hilabetean modu proportzionalean kontratatuak izan dira, hau da, hilabete osoa kontratupean egon eta egindako lanaldiaren araberako soldata kobratu ordez, egindako lanaldiaren araberako kontratu aldi proportzionala izan dute; ondorioz, kotizazio egunak galdu eta kobratu eta sortutako oporren likidazioa proportzionalki jasoko dute. Hortaz, aipatutako proportzioa egiteko egindako lanaldi eta lan egunak aintzat hartzen direnez, langile bakoitzaren egoera desberdina izango da. Hau da, langile bakoitzaren kontratu amaiera data desberdina izango denez eta sortutako opor egunak desberdinak izanik, langabezia eskatzerako garaian bakoitzak bere data izango du. Langile bakoitzak bere egoeraren berri izateko bizitza laboralera jo beharko du Gizarte Segurantzaren bitartez.
Aldiz, ikasturte osoko lanpostu hutsa izan duten ordezkoei dagokienez, uztailean izendapenaren arabera kobratuko dute, eta abuztuaren 31ra arte izango dute izendapena; ondorioz, ikasturtean lan egindako aldiareni eta egindako lanaldiaren arabera kobratuko dute.
LABek Hezkuntza Sailak hartutako aldebakarreko erabakien aurrean langileak defendatzen jarraituko du. 2023Ko ekainean, LAB langileekin batera mobilizatu zen ordezkoen defentsan “Ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetu” lelopean, eta ildo horretatik, 2023-2024 ikasturtean zehar akordio arautzaile (lan hitzarmen) berria negoziatzerako garaian, marra gorritzat hartuz orain arte egin izan den udako kobraketa. Era berean, ordezkoen araudi berria negoziatzea beharrezkotzat jo du.
LABek beste hainbat gairekin batera bi gai hauek lantzen eta borrokatzen jarraituko du langile guztien eskubideak bermatzeko.