Lantokietan aske! Aske izateko neurri eraginkorrak. Zuriketa arrosari ez!

348

2024ko ekainaren 28 honetan, sexu askatasuna aldarrikatu nahi dugu, baita lantokietan ere. Aske izateko neurri eraginkorrak behar ditugu. Zuriketa arrosari ez!

Eskuin muturraren gorakadaren eta diskurtso erreakzionarioen hedapenaren aurrean, mugimendu transmaribibolloaren borrokari esker instituzioetan lege eta politika publikoetan aurrera urratsak egiten ari diren testuinguruan gaude: Espainiako Estatuko Trans Legearen ondotik, otsailean onartu zen Eusko Legebiltzarrean EAEko trans legea deiturikoa, esaterako.

Baina nahikoa al dira neurri hauek LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen defentsarako, edo, are gehiago, heteroarautik kanpo gure askatasuna bermatzeko?

Instituzioek eta patronalak dituzten zuriketa arrosezko jarreren aurrean, LABetik lantokietan aske izateko neurri eraginkorrak eta errealak exijitzen jarraituko dugu, gure lan sindikalaren bidez.

Jakin badakigu instituzio eta patronalaren aldetik ez dela etorriko guk desio dugun mundua eraikitzeko proposamen erradikalik, baina eskuin muturraren eta diskurtso erreakzionarioen gorakada bizitzen ari garen honetan, garrantzitsua da LGTBIQ+ kolektiboko kideon bizitzen alde bermeak jartzea.

Gaur gaurkoz ez-nahikoak diren lege eta “berdintasun politiken” aurrean, guk politika feministak aldarrikatzen jarraituko dugu. Egiturazko aldaketa errealak eta bitartekoak behar ditugu. Enpleguaren eremuan, LGTBIQ+ kolektiboaren zapalkuntza espezifikoak identifikatu, landu eta aurre egiteko protokolo eta plan espezifikoak behar ditugu.

Horrekin batera, mugimendu transmaribibolloak deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.

Sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautua erabat zilegia dela aldarrikatu nahi dugu: kapitalismo heteropatriarkalak inposatutako leku, eredu eta roletatik asakatzen gaituen hautu bezala ulertzen dugu. Izan ere, sexuaren araberako lan banaketa posible egiten duena bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearra da. Familia funtsezko instituzioa da produkzio eta erreprodukziorako egungo sistema existitzeko, baita betikotzeko ere.

Helburua heteroaraua gainditu eta gure harreman eta identitateak modu askean erabakitzeko burujabe izatea delako, eman diezaiegun su heteroarauaren armairuei. Saretu, ahaldundu, salatu eta erantzuteko konpromisoan berretsiz, lantokietan ere aske izan nahi dugu!

  1. 2024ko ekainaren 28 honetan, sexu askatasuna aldarrikatu nahi dugu, baita lantokietan ere. Aske izateko neurri eraginkorrak behar ditugu. Zuriketa arrosari ez!
  2. Eskuin muturraren gorakadaren eta diskurtso erreakzionarioen hedapenaren aurrean, mugimendu transmaribibolloaren borrokari esker, instituzioetan lege eta politika publikoetan aurrera urratsak egiten ari diren testuinguru batean gaude.
  3. Baina neurri horiek ez dira nahikoak LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen defentsarako, ezta heteroarautik kanpo gure askatasuna bermatzeko ere. Instituzioen eta patronalaren jarreretan zuriketa arrosa gailentzen da.
  4. Neurri eraginkor eta errealak exijitzen ditugu: ez-nahikoak diren lege eta “berdintasun politiken” aurrean, politika feministak: enpleguaren eremuan LGTBIQ+ kolektiboko zapalkuntza espezifikoak identifikatu, landu eta horiei aurre egiteko protokolo eta plan espezifikoak behar ditugu.
  5. Horretaz gain, mugimendu transmaribiolloak deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.
  6. Sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautua erabat zilegia delako: kapitalismo heteropatriarkalak inposatutako leku, eredu eta roletatik askatzen gaituen hautua. Saretu, ahaldundu, salatu eta erantzuteko konpromisoan berretsiz, lantokietan ere aske izan nahi dugu!