Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek greba amaierako akordioa betetzeko oztopoak jartzen jarraitzen dute soldata edota enpleguan

340

Azken hilabeteetako ekintza eta mobilizazioei esker materia batzuk, lanaldi murrizketak eta Lanbide Heziketako konpentsazioa kasu, betetzen hasteko konpromisoa hartu dute gaurko mahaian

Gainerako materietan, soldatak esaterako betearazteko bide juridikoari ekingo diote sindikatuek

Gaur Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako negoziazio mahaia bildu da. Greba amaierako akordioa otsailaren 5ean sinatu zenetik, sindikatuen ekimenez gauzatzen den zazpigarren bilera da.

Bilera hauetan guztietan, Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalek akordioaren aplikazioa atzeratzeko eta akordioa adostutako terminoetan ez betetzeko asmoak utzi dituzte agerian. Ondorioz sindikatuek egoera publikoki salatu, mobilizazioak bultzatu eta akordioa betearazteko bide juridikoa aztertzeari ekin behar izan diote.

Gaurkoan, azken hilabeteetan sindikatuek, ikastetxeetako ordezkariek eta langileek gauzatutako ekintza eta mobilizazioei esker materia batzuk aplikatzen hasteko konpromisoa hartu dute patronalek. Horrela adostutako lanaldi murrizketak eta Lanbide heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa 2023-2024 ikasturtean aplikatzen hasiko dira, nahiz eta sindikatuok defendatu dugun parametrotan ez izan.

Soldaten inguruan adostutako igoerak jasotzen dituzten soldata taulak jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren menpekotasunari lotuta aurkezten jarraitzen dute eta tamalez 2024rako adostutako igoeren araberako ordainketak egiten hasteko data bat finkatu gabe.

Aldi berean akordioan jasotako edukiak Lan Hitzarmen berrian adostutako baldintzetan txertatuko dituen erredakzio oso bat aukeztu gabe jarraitzen dute.

Enpleguan birkokapen araudia hitzarmenean txertatzeko eta kalte ordainak eta aintzinatasuna aitortzeko arubide berria zalantzan jartzen jarraitzen dute eta irakasleentzat adostutako eskola orduen murrizketa hitzarmeneko artikulatuan txertatzeko oztopoak jartzen darraite.

Hau horrela, sindikatuek jada betearazpen epea daukaten gaiak, epaitegietara eramateko aukera aztertuko dute hurrengo egunetan, 2024rako adostutako soldata taulen araberako ordainketak kasu.

Bestalde, patronalei Ekainaren 19an izango den hurrengo bilerarako hitzarmenaren erredakzio proposamen oso bat aurkezteko galdegin diete. Aurkezten duten erredakzio proposamena sinatutako akordioak jasotzen dituen baldintzak jasoko ez balitu eman beharreko urratsak aztertuko dituzte.

Euskal herrian 2024ko maiatzaren 29an.

Maiatzak-29ko-mahaia-elebakar