Sindikatuok deitutako Haurreskolak Partzuergoko langileen grebak jarraipen handia izan du berriz ere

638

2020ko abenduan bezala, 2021. urte-hasiera honetan LAB, STEILAS  eta ELA sindikatuok deituriko greba-deialdiarekin bat egin dute Haurreskolak Partzuergoko langileek. EAEko Lan Sailak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoek, eta Haurreskolak Partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi eta % 65eko jarraipena izan du gaurko grebak.  Horretaz gainera, asko dira familiek eta hezkuntza-komunitateek helarazi diguten langileekiko  eta haurreskolen proiektuarekiko atxikimendu-erakusketak (gutunak hedabideetan, pankartak…).

Gogoratu, bestalde, hurrengo asteazkenean, hilak 27, laugarren greba-eguna egingo dugula, baita mobilizazio batera  deitu dugula Lakuako atarian, goizeko 11:30etan. Egoera konpondu ezean, prentsa-aurrekoan iragarri genuen bezala, greba eta mobilizazioekin jarraituko dugu otsailaren 22, 23 eta 24an, honako eskaera hauen defentsan:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
  • Aurrekontua handitzea.

Eskertu nahi diegu, oztopo guztien gainetik, mobilizazioetan parte hartu duten edo/eta beren sustengoa adierazi diguten langile, familia eta udalei. Era berean, gogorarazi nahi dugu 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugula eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugula LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok.