Haurreskolak: 2023ko ekainaren 13ko Mahai Negoziatzailea

226

Atzo, hilak 13, Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailea izan genuen. Horretan, hurrengo faserako ezinbestekoak diren gaiak landu genituen.

2023-24 ikasturterako hezitzaileen lanpostu-zerrendaren proposamena:

Matrikulazioaren datuei dagokienez, aurreko ikasturtearen epe berarekin alderatuta, gutxi gora behera 1.500 matrikula gehiago izan dira.

Horregatik, finkatu behar diren lanpostuez gain, doakotasunaren ondorioz sortutako beharrei erantzuteko Lanpostu zerrendan plaza gehiago mantenduko dira. Honela, balizko matrikulazio berriari bakante berriekin erantzun ahal izango zaio; 1102 haur hezitzaileren lanpostu zerrenda osatuz.

Partzuergoak Lanpostuak hornitzeko proposatutako irizpideak:

  • Gela bakarreko haurreskolak: 6 haur edo gutxiagorekin, beti gutxienez 1,5 lanpostu.

Jada 2 langile finko dauden haurreskoletan biak mantenduko dira. Besteak, finko bat eta jardun erdiko lep arteko batekin hornituko dira

  • Gela anitzeko haurreskolak:
  • %80tik gorako betetze maila duten haurreskoletan: gela bakoitzeko bi lanpostu.
  • %80 baino gutxiagokoetan: gela erdia beteta hezitzaile bat eta 7 txiki/10 nagusi dauden geletan 2 lanpostu.
  • Plazen behar handia duten udalerrietan lanpostu osagarriak jarriko dira nahiz eta hasieran gelako bi hezitzaile jartzeko matrikulaziorik ez izan.
  • Kontuan hartu beharreko bestelako irizpideak: haurren eta haurreskolako ordutegia eta taldekatze geletan, adin tarte bakoitzeko haur kopurua.

LABek atzoko bileran egindako azken ekarpenei erantzunaren zain egonik, administrazioak mahai gainean jarritako behin-behineko proposamenak gureetara hurbiltzen direla esan dezakegu. Izan ere, prozesu guztiak amaitzen direnean egongo den behin-behinekotasun tasa minimoetara eramateaz gain, doakotasunaren ondorioz beharrezkoak izan daitezkeen lanpostu berriak sortzeko baldintzak jarri dira.

Hala eta guztiz ere, LAB sindikatutik arreta berezia jarriko dugu haurreskola bakoitzean beharrezkoa den pertsonal-horniketa bermatuta egon dadin; adibidez, diagnostikatuta dauden arreta premia berezia behar duten haurren kopurua islatuta egotea lanpostuen zerrenda osatzeko.

Bestalde, matrikulazioaren datuekin lotuta, arratsaldeko pilotajea bertan behera uztea eskatu dugu. Ez zaigu bidezkoa iruditzen pilotaje hau mantentzeko bestelako ordutegietan matrikulatuko liratekeen haurrak kanpoan uztea.

2023ko lekualdatze lehiaketaren egutegi, araudi eta deialdi-proposamena:

LAB sindikatuak eskatu bezala, finkoak diren Haur hezitzaileen Lekualdatzea egingo da, eta kontsolidaziora irtengo diren 264 lanpostu aukeran izango dituzte. Izan ere, ostiralean hilak 16, argitaratuko da deialdia eta uztailaren 27an bukatuko da prozesua. Horretarako, atzoko bileran LABen proposamenak onartu ziren.

  • Nahitaezko eta bateraezintasunagatiko eszedentziak aipatzea.
  • Merezimenduak:
    • Auzitegi Gorenak Langile publikoon Leku aldatzeen inguruan ebatzitako sententzia batean jasotzen denarekin bat eginez, orain “Aintzinatasuna Haurreskolak Partzuergoan” zenbatuko da.
    • Koordinatzaile kargua: aurreko ebazpenarekin bat eginik, behin behineko langileak ginenetik zenbatuko da.

Partzuergoak erabaki du finkotasun demanda aurkeztuta izan eta lehen instantzian aldeko sententzia izan duten langileak ere finkatzea: guztira 108 langile. Partzuergoak jakinarazi digu hurrengo egunetan langile hauekin jarriko dela harremanetan egoeraren berri emateko. Beraz, finkoak diren heinean, lekualdatzean parte hartu ahal izango dute.

LABek hurrengo ikasturtean ere beste Lekualdatze bat egitea eskatu du; alde batetik, matrikulazioaren igoeraren ondorioz sortu daitezkeen lanpostu berriak eskaintzeko eta bestetik, LABek Hezkuntza Legearen testuinguruan sinatutako akordio politikoa mahaira ekarrita.

Lan Eskaintza Publikoaren merituen lehiaketa:

Behin lekualdatze lehiaketa gauzatuta, egonkortze prozesuan LALean hutsik gelditu diren lanpostuak eskainiko dira, 264, alegia. Partzuergoak adierazi digu irailaren 1erako lanpostuen jabetzak sinatuko direla. Behin-behineko egutegi baten faltan, ahal bezain laister, hautagaien merezimenduen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Horren ostean, erreklamazioa egiteko epea izango da eta jarraian, behin-betikoak argitaratuko dira.