12. greba eguna bete denean Gizarte Ekimeneko langileek Gasteizko kaleak bete dituzte lan hitzarmen duin baten alde

290

Gatazka desblokeatzeko lan kargak arintzeko neurriak, langileak birkokatzeko bermedun prozedura hitzarmenean txertatzea eta langile publikokoekin soldata ekiparatzeko bidean eros ahalmena berreskuratzeko proposamena mahai negoziatzailera ekartzea eskatzen diegu Kristau Eskolak eta IZEA patronalei.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamabigarren greba eguna egin dute gaur sektoreko langileek. Gaurkoan ere Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimo gehiegizkoen aurrean milaka langile bildu dira Gasteizko kaleetan.

LABek berriro ere adierazi nahi du ikastoletan lorturikoa Gizarte ekimeneko mahaira ekarri behar dela eta bide horretan KE eta AICE-IZEA patronalek eduki gehiago ekarri behar dituztela. Zehazki, hurrengoa eskatu du LABek: 2024rako %15etik gorako soldata igoera, 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileekin parekatzea, lan-hitzarmenean bermeduna izango den birkokapen klausula jasotzea eta lan zamak jaisteko neurri konkretuak. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri gehiago norberaren lanetarako izan behar dira, DBHn ikastoletako lan-hitzarmenean dauden neurriak ekarri behar dira eta Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak behar dira.

LABek patronalei eskatzen die eskakizun gehigarri horiek mahaira ekartzeko eta bere prestasuna adierazten die negoziazioetan jarraitzeko.

Bestetik, LABek adierazi nahi du soldaten ekiparazioa langileek lortu duten garaipen handia dela eta ezin zaiola duen garrantzia kendu ez eta ezkutatu ere. Ulergaitza da sindikatu batzuk langileen garaipena den ekiparazioaz hitz egin nahi ez izatea, baita ezkutatzea ere.

Guzti hau esanda, 2027an ekiparazioa eskuratzeko proposamenean 2024rako eros-ahalmena bermatzen duen soldata-igoera behar dugula adierazi nahi dugu eta patronaleei eskatu hori bermatzeko igoera egin dezaten. Bitartean, gainerako sindikatuekin batera greba eta mobilizazio dinamiketan jarraituko dugu, diskurtso propioarekin, langileek behar dutena eskuratu arte.