Haurreskolak Partzuergoa: ikasturteko bigarren Mahai Negoziatzailea izan genuen atzo, urtarrilaren 22an

229

Atzo, urtarrilaren 22an izan genuen Haurreskolak Partzuergoko ikasturteko bigarren mahai negoziatzailea Lakuan. Azaroaren 2an burututako mahaiaren ostean LABetik Lan Hitzarmen berriaren negoziazioaren baitan lehentasunez negoziatu nahi ditugun gaien zerrenda bidali genuen. Besteak beste, lanpostuen zerrenda eta Haurreskolen hornidura, ratioak, lan baldintzak, funtzioak, ordainsariak, gazte berritze plana, hezitzaile zein kudeaketako ordezkoen araudiak, “Ordezkagunea” eta formakuntza. Gogoratu behar dugu, gure Lan Hitzarmena 2009koa dela, erabat zaharkituta dagoela eta ez diela gaur egungo beharrei erantzuten.

Izan ere, ekainean Hezkuntza legea garatzeko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko LAB eta Hezkuntza sailaren arteko akordioa kolektiboz kolektibo mahai negoziatzailetara eramatea adostu zen. Gure eskaera jaso eta negoziaziorako egutegia eta lehenengo zirriborroa helarazi zigun administrazioak. Akordio laboralaren garapenari dagokionez, haur hezitzaileen kontsolidazio fasea bukatuta, hutsik dauden egiturazko lanpostuak langile finko bidez betetzeko ikasturte honetan lekualdatze lehiaketa egin behar da.

Atzoko mahaian, hurrengo asteetako negoziazio prozedura zehaztu genuen eta Lan Hitzarmenaren 1etik 28ra bitarteko artikuluen gainean sindikatuon proposamenen inguruan aritu ginen. Otsailaren 22an hurrengo mahaia burutuko da eta bitartean, Lan Hitzarmenaren 1etik 58ra bitarteko artikuluen gaineko ekarpenak helaraziko dizkiogu idatziz Partzuergoari.

Horrez gain, negoziatzeko bidali genituen gaien artean, lehenengo urratsa eman du Partzuergoak eta “Ordezkagunea” inplementatzeko enkargua egin du administrazioan. Behin diseinua izanda, hurrengo urratsa araudiaren negoziazioa izango da. Nominak digitalean eskuratzeko aukeraren gainean ere lanean ari direla adierazi ziguten. LABetik gai hauen inguruko jarraipena egingo dugu, berandu baino lehen martxan jarri daitezen.

Bestalde, premiazko egoeretarako baimenaren prozedura zehatza (urteko ordaindutako 4 lan egunei dagozkien ordu kopuruari dagokiona) zein izango den bidaliko digutela adierazi ziguten, LABetik hala eskatuta.

Bukatzeko, kudeaketa alorreko merezimendu lehiaketaren baitan, behin behineko zerrenden erreklamazioak ebasten ari direla esan ziguten.

LAB sindikatutik lanean jarraituko dugu negoziazioak bai langileentzat bai eta Haurreskolak Partzuergoan eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzuarentzat ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko. Bide honetan ematen ditugun urratsak gure afiliazioarekin partekatuko ditugu.